Haritz amerikarrak eta sasiakaziak moztuko dituzte Oiangun, bertakoei lekua egiteko
Aranzadik eta Kimu Batek egin duten azterketan ondorioztatu dute Oianguko zuhaitz zaharren biziraupena bermatze aldera, espezie exotikoak ezabatu behar direla. Mozketekin hasi dira jada.
Haritz amerikarra eta sasiakazia espezie exotikoak moztuko dituzte Oiangu parkeko zenbait eremutan, bertako zuhaitz zaharren biziraupena bermatzeko eta zuhaitz belaunaldi berriei lekua egiteko. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Kimu Batek Oianguko zuhaitz zaharrak aztertu dituzte azken bi urteetan, eta erabiltzaileen arriskua gutxitzeko asmoz, kimaketa lanak egin dituzte.
Azterketan ondorioztatu dute Oianguko zuhaitz zaharren biziraupena bermatze aldera, espezie exotikoak ezabatu behar direla. Horregatik, Oianguko bi eremu aukeratu dituzte mozketak egiteko, eta hasi dira lanean dagoeneko. Erabakitako zuhaitzak moztu ondoren, itxitura bat jarriko dute eremu horietan, bertako zuhaitzen eboluzio naturala bermatzeko.
Maitane Alvarez ingurumen zinegotziak azaldu duenez, bertako zuhaitzak zahartu ahala, hil egiten dira, ez dute ordezkapenik izaten, eta horren ondorioz biodibertsitatea galdu daiteke. “Balio ekologiko handiko espeziek dira asko, ditugun baso helduen eskasia dela eta, arriskuan dauden hainbat espezieri laguntzen baitie bizirauten, hala nola, arkanbeleari”.
Bertakoen hazkuntza bermatu
Haritz amerikarrak eta sasiakaziak kenduta, bertako haritz zaharrei lehiakideak kenduko zaizkie, haien garapena eta biziraupena indartuz. Argiguneak sortuko dira, eta zuhaitz amerikarren ezkurrak eroriko ez direnez, bertako haritz gazteen hazkuntza bermatuko da. Bertako landare espeziek sustatu nahi dituzte, eta aldi berean tokiko intsektu, ugaztun eta hainbat hegazti espezieri bizilekua emango die horrek. Bertako espezieek itzal, hezetasun eta tenperatura egonkorrak mantentzen ere lagunduko dute.