Zubizarretak Ugartemendia izango du bikote Serie B pilota txapelketan
Eskuz binakako promozio txapelketari Serie B izena jarri diote aurten. Iraitz Zubizarretak Seguran jokatu du lehen partida igandean, eta Beñat Senar izango du aurkari, Larrazabal ordezkatuz egingo baitu debuta.
Datorren igandean Ataungo hiru pilotari profesionalak Segurako Baratze pilotalekuan jokatzeko aukera egongo da. Aspek eta Baikok gaur jakinarazi dituzte Eskuz Binakako Serie B txapelketan –orain arteko promozio txapelketa– lehiatuko diren zortzi bikoteen izenak. Finala Iruñeko Labriten jokatuko da martxoaren 23an.
Iraitz Zubizarreta ataundarrak Gorka Ugartemendia alkizarra izango du bikote, eta lehen partida Seguran jokatuko dute Beñat Senar herrikidearen –Larrazabal ordezkatuko du– eta Ezkirozen aurka. Maila nagusiko txapelketan Albisu Peña II.arekin ariko da Seguran, eta Artola eta Imaz izango dituzte aurkari.
Serie Bko zortzi bikoteak
Baikok honako lau bikote osatu ditu: Alberdi IIa. eta Morgaetxebarria; Larrazabal –Senarrek ordezkatuko du Seguran– eta Eskiroz; Zubizarreta III.a eta Ugartemendia; eta Agirre eta Iztueta.
Asperen lau bikoteak honakoak dira: Egiguren Va. eta Eskuza; Salaberria eta Arbizu; Exposito eta Gaskue; eta De la Fuente eta Bikuña.
Txapelketaren egitura
Etzi, ostiralean, Azkoitian hasi eta martxora bitartean luzatuko da Eskuz Binakako Serie B Txapelketa. Zazpi jardunaldiko bi itzuli, orotara hamalau jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek sailkapen ligan. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligara eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatuek playoffak jokatu beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Finalerdietako ligak hiru jardunaldi izango ditu eta final handia Labriten izango da martxoaren 23an.