«Aukeraren zain nengoen apiriletik»
Pilota profesionalean debuta egingo du Beñat Senar Apalategik (San Gregorio, Ataun, 2001). Seguran igandean jokatuko du lehena. Ataunen eta Lazkaon ondu da, eta eskuinez aurrelari jotzailea da.
Noiz jaso zenuen Baikorekin profesionaletan debutatuko duzun berria?
Astelehenean [azaroak 13; elkarrizketa ostiralean egina da] esan zidaten nirekin hitz egin nahi zutela. Astearteko entrenamenduaren ondoren egon nintzen enpesakoekin, eta nire klubarekin partidarik ez baldin baneukan behintzat, Seguran debutatuko nuela esan zidaten. Asteazken arratsaldean joan Bilbora, eta kontratua sinatu genuen.
Esperantzarik bazenuen?
Orain dela urtebete esango nukeen askorik ezetz; afizionatuetan urte batzuk banindoan jada, hiru bat, eta ez neukan aurrekontraturik, beste pilotari batzuek bezala. Horrek kentzen zidan debutatzeko esperantza. Baina Espainiako Txapelketa ona egin nuen, eta martxo-apirilean aurrekontratua eskaini zidaten. Harrezkero aukeraren zain nengoen, egia esan. Igotzeko modua ikusten nuen hortik.
Debuta Seguran duzu, igandean. Txapelketako bi partida daude. Promoziokoa jokatuko al duzu?
Ordezko bezala sartuko naiz Seguran. Printzipioz ez dut Promozioko Txapelketa jokatuko, asteazkeneko [atzoko] aurkezpenean kontrakorik esaten ez badute behintzat.
Zer eragiten dizu barruan debutaren egunak?
Ilusio handiarekin nago. Horretarako aritu gara lanean. Urte pilo bat dira pilotan ari garena, 7-8 urtetik nabil. Seguran debuteko egun polita izango da.
Non trebatu zara pilotan?
Ataungo pilota eskolan hasi nintzen, eta 12-13 urte arte han ibili nintzen, Josu Munduate entrenatzailearekin. Gero, Lazkaoko Lapke klubera joan nintzen; urte eta ordu asko pasatu ditugu han, Asier Mintegirekin entrenatzen. Eskerrak eman nahi dizkiot hari ere, lan asko egin du-eta gurekin.
Lapke ari da fruituak ematen; zeu azkena. Nola baloratzen duzu pilota eskolen eta kluben lana?
Ikusten ez den lan bat da, jendeak ikusten ez duena. Lan asko eta handia egiten ari dira. Asier Mintegik ordu asko sartzen ditu frontoian, eta horregatik ari dira lortzen emaitzak. Ez da kasualitatea. Entrenamenduak oso onak dira, eta gero nabaritzen da hori. Lapketik irten naizen hirugarren profesionala izango naiz; Beñat Garmendia beasaindarra eta Iraitz Zubizarreta dira besteak.
Pilotari bezala nola definituko zenuke zure burua?
Besteek esan beharreko zerbait da hori, baina pilotari segurua naizela uste dut, erregalu gutxi egiten ditut. Eskubiarekin pegada puntua badaukat, pilota gozatzeko eta zirrikituak irekitzeko. Ezkerrarekin ere bukatzen saiatzen naiz. Fisikoki, berriz, orain arte afizionatuetan iritsi izan naiz.
«Pilotari segurua naizela uste dut, erregalu gutxi egiten ditut»
«Lehenengo urtea lasai hartzeko esan didate; ikasteko, entrenatzeko eta saiatzeko»
Zer joko mota gustatzen zaizu? Aurrelari bezala, bukatu zalea al zara?
Bukatzea denoi gustatzen zaigu, baina nire profila jokatzekoa da gehiago. Partidak ondu eta landu nahi izaten ditut. Orain arteko emaitzak horrela atera ditut.
Afizionatuetan ez duzu nolanahiko palmaresa bildu.
Afizionatuetako urteak oso onak izan dira. Jubeniletako bigarren urtetik goraka egin nuen, eta txapel batzuk irabazi ditut. Gustura ibili naiz hiruzpalau urteotan. Munduko txapela ere esperientzia oso polita izan zen 2021ean, sekula ahaztuko ez dudana. Hori dut txapel kutunenetakoa; besteak, Gipuzkoako txapeldun Beñat Garmendiarekin bikotea osatuz lortutakoak dira. Ilusio handia egin didate iaz eta aurreko asteburuan berarekin irabazitakoek, harekin daukadan laguntasunagatik.
Zein helburu dituzu orain?
Lehenengo, ahalik eta ondoen egokitzea profesional mailara. Erritmoa hartzea dagokit orain. Kantxan irudi ona eman, eta, batez ere, disfrutatzea eta partidak jokatzea nahi nuke. Ea lesioek errespetatzen nauten. Helburuak jartzea etorriko da geroago.
Bi urteko kontratua duzu. Enpresatik pautarik jarri dizute?
Lehenengo urtea lasai hartzeko esan didate; ikasteko, entrenatzeko eta saiatzeko. Gero etorriko dira helburuak jarri beharreko garaiak. Gauza desberdin asko iritsiko dira orain: telebista, presioa… Hori kudeatzen ikasi beharko dut.
Mugarri garrantzitsua da pilotari batentzat profesionaletarako jauzia. Zein duzu gogoan une honetan?
Familiakoak. Aita eta ama, anaia, Idoia, Bittor, Sara neskalaguna… Eta lagun guztiak eta kuadrillakoak. Ahaztuta geratuko zaizkidanak ere bai.