Saoirse Zapirain idiazabaldarrak Arnasetik bideo sormen lehiaketa irabazi du
Bere kategorian —LH 5-6 maila— baloratuena izan da 'Euskara ikasteko gomendioak' izenburuko lana. Sari banaketa ekitaldia atzo arratsaldean egin zen Zarautzen.
Arnasetik bideo sormen lehiaketan lehendabiziko saria irabazi du Saoirse Zapirain idiazabaldar-tolosarrak. Arnasetik euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerrietako gazteei zuzendutako lehiaketa bat da, LH5 eta DBH4. maila arteko gaztetxoentzat, hain zuzen.
Lehiaketa hiru kategoriatan banatuta egin da, eta zegokien kategoriaren arabera lan bat edo beste bat egin behar izan dute parte hartzaileek. Zapirainen kategorian —LH5-6— tokiko promozioa egitea egokitu zaie. Euskara ikasteko gomendioak izenburupean osatu du bideo lana idiazabaldar gazteak eta bere bi herrietako —Idiazabal eta Tolosa— informazioa azaldu ostean, bi herri hauek euskara maila hobetzeko zergatik diren leku egokiak argudiatu du.
Hiruna finalista egon dira kategoria bakoitzeko. Sari banaketa ekitaldia atzo arratsaldean egin zuten Zarauzko Modelo aretoan.
Ikusi Saoirse Zapirainen bideoa: