Txalaparta hotsaren koloreak, formak eta hitzak
‘Hotsez hots 2.0’ erakusketa ondu du Jose Luis Elespe ‘Pelex’ artista usurbildarrak, non txalapartaren bilakaerak inspiratutako pinturak, eskulturak eta olerkiak jaso dituen. Aterpe tabernan dago ikusgai, urtarrilaren 10era arte.
Normalean, gizakiok, koloreak eta formak ikusmenarekin lotzen ditugu, testurak ukimenarekin, zaporeak dastamenarekin… Baina agian, zenbakiak dastatzen edo koloreak entzuten dituzten pertsonak ere badaude.
Jose Luis Elespe ‘Pelex’ artista usurbildarrak harreman berezia du txalapartarekin. Haren hotsarekin, koloreak, formak eta hitzak irudikatzen ditu. Egurra egurraren kontra jotzera ere animatu zen, aspaldi, baina beste noranzko bat hartuz, bestelako arte disziplina batzuetara eraman du inspirazio iturri izan duena. Hotsez hots 2.0 erakusketan jaso ditu egindako pinturak, eskulturak eta olerkiak.
Txalapartari izateko saiakera hutsean geratuta, musika tresnaren inguruan ikerketa «luze eta sakona» hasi zuen Pelexek. Hortik izandako etorriarekin, «duela ia hamar urte», egun, Beasaingo Aterpe tabernan ikusgai duen erakusketaren lehenengo atala sortu zuen. «Burdina, brontzea, harria, soka eta zumea» erabili zituen, besteak beste. Material horiek guztiak erabiliz, «txalapartak eta hura jotzeko izan den bilakaera islatu» nahi izan zuen artista usurbildarrak.
Emaria bazuela-eta, hura sortu zuenean, «garbi izan» zuen bigarren atala izango zuela lanak. Txalapartak bezala, Pelexek berak egindako bilakaera ere nabaria da erakusketan. «Koloreak protagonismo handia hartu du, zuria oinarrian, sarri», deskribatu du bere lana.
«Nahi baino beranduago, baina Hotsez hots 2.0 ikusgai dago», gonbidatu ditu guztiak. Aterpe tabernan bertan zerbait hartu bitartean ikus daiteke erakusketa.
Erakusketa areto alternatibo bilakatu den espazio hau izateagatik «eskertuta» agertu da Pelex, «ez baita ohikoa, beraz, eskerrak Txomin arduradunari», probestu ditu lerro hauek.
Urtarrilaren 10era arte, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 22:00etara, eta asteburuetan 11:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara zabalik dago.