Nor, espazio aske batetik
Aniztasunaren eta identitatearen gaia jorratzen du Irati Goikoetxeak idatzi duen 'Nor' eleberriak. Naizen elkarteko kideak izan ditu bidelagun.
Irati Goikoetxea beasaindarrak Nor eleberria aurkeztu du 1545 argitaletxearen zigilupean. Sexu-identitateari buruzko “hausnarketa eta solaserako” espazio “aske eta segurua” izatea du helburu, “elkarlanaren” emaitza den proiektu honek, Irati Goikoetxea liburuaren idazleak, Aingeru Mayor Naizen elkarteko kideak, eta Xabi Salaberria argitaletxeko ordezkariak azaldu dutenez, gaur, Donostian egin duten aurkezpenean.
“Zein naiz ni, nor naiz, nola begiratzen naute, nola begiratzen ditut besteak,…”, zurrunbilo horretan dauden 14 urteko bost gaztetxo dira Nor eleberriko protagonistak. Baina pertsonaien inguruan ez du gehiago aurreratu nahi izan idazleak, “hausnarketarako espazio askeak sortzeko”, baina bai, “familia, kalea eta eskola oso presente” daudela.
Egitura aldetik, “kapituluka”, eta horietako bakoitzak “protagonistetako bat edo bi” ditu izenburuan. Horrela egin nahi izan du, “garrantzitsua” iruditzen zaiolako pertsonaia bakoitzari “bere momentua eta espazioa” ematea. “Gizartean ere hala izan beharko genuke, bestela itzalean ikusezin jende asko geratzen da, gure buruari eta ingurukoei zor diegu”, egin du gogoeta Goikoetxeak.
Bukaeran, “galdera sorta” dago, “erantzunak eman baino galderak” egitea nahiago izan dutelako, hala, irakurtzeko “aukera handiak” ematen dituen liburu bat da. Hausnarketarako gonbita da beraz irakurleentzat Nor eleberria.
“Gaztetxoak eta gazteak” aintzat hartu dituzte, irakurketan “eroso” senti daitezen, baina “ez da soilik” gazteei zuzendutako irakurketa. Proiektu honi bide ematea idazlearentzat ere “gogoeta sakona” egiteko “aitzakia” izan da Goikoetxeak berak aitortu duenez. Prozesua “intentsoa” izan dela esan du, baita “izugarri disfrutatu” ere. Taldean egiteak idazleari “lasaitasuna” eman dio ideiak eta gogoetak hitzetara eramatean, eta liburua eskuan duela, emaitza “ederra” dela. Naizen elkarteko Aingeru Mayor eta Ekaitz Goikoetxea anaia izan ditu “aholkulari” prozesu osoan. Irudiak berriz, Hausnarketarako gonbita da beraz irakurleentzat Nor eleberria Irrimarrak sinatu ditu. “Ilustrazioak hitzari lagundu soilik ez, zerbait gehiago nahi genuen, eta identitate propioa dute, irakurketan pausak sortzen dituzte, atzean zer dagoen aztertuz eta nora joan nahi dugun irakurriz”, azaldu du Goikoetxeak, Irrimarra sinaduraren atzean dagoen Karmele Gorroño ilustratzaileak egindako lanaz.
Gogoratu dute ere, proiektu hau posible izan dela irakurleen ekarpenei esker. Izan ere PiztuMeta!2022 programaren bidez finantzatu dute. “Irakurleak eragitea” lortu dute eta “231 ekarpen” lortu zituzten proiektua gorpuztea ahalbidetu duena.
Nor eleberri ilustratua eskuragarri dago jada, 1545 argitaletxearen webgunean eta ohiko liburu dendetan.