Seigarren zerbitzu gida, kalean
Goierriko Hedabideak komunikazio enpresak 'Goierriko Zerbitzu Gida' argitaratu du. Bihar hasiko dira banatzen; erredakzioetan ere eskuragarri dago
Goierriko Hedabideak komunikazio enpresak Goierriko Zerbitzu Gida eguneratua argitaratu du. Honekin, sei dira kaleratutako gidak. Datozen egunetan banatuko dira GOIERRIKO HITZAren eta Goiberriko harpidedunen artean. Era berean, Beasaingo (Oriamendi, 32) eta Urretxuko (Iparragirre, 11) erredakzioetan ere eskuragarri daude. Abenduaren 15etik 17ra Goierrin egingo diren liburu eta disko azoketan ere lortu ahalko da.
Eskualdeko 23 herrietako interes orokorreko informazioa biltzen du gidak, bederatzi ataletan banatuta: Dendak, Edergintza, Elikadura, Enpresak eta Zerbitzuak, Erakundeak, Etxebizitza, Motorra, Osasuna eta Ostalaritza. Halaber, atal bakoitza azpisailetan banatuta dago. Hala, esaterako Osasunari dagokion multzoan, albaitariak, belar dendak, farmaziak eta parafarmaziak, fisioterapiak, osteopatiak, hortz klinikak, logopedak, osasun etxeak, podologiak, ortopediak, psikologoak… bereizi dira. Ia ehun sektore, denera. «Goierriko Hitza egunkariak eta Goiberri astekariak zein goierri.hitza.eus, goiberri.eus eta otamotz.eus webguneek goierritarrei euskaraz ematen dieten eskaintza osatzera dator Zerbitzu Gida, edizio analogikoan eta digitalean», kontatu dute ekoizleek lana aurkezterakoan.
Papereko edizioan bilduta dagoen informazio hori guztia eta gehiago sarean ere eskuragarri dago, goierrikozerbitzuak.eus webgune berrituan. Atari digitalak informazioa eguneratzeko aukera ematen du eta etengabe berrituko da, eskaintza osoa emanez. Atari digitalak, alde batetik, maparen araberako bilaketa egiteko aukera du eta, bestetik, sektorearen, hitz jakin baten, helbidearen eta herriaren araberakoa, galbahe eran. Webgunea «erabilerraza» eta «intuitiboa» dela azpimarratu dute sortzaileek.
Hamarkada bat
Goierriko Hedabideek duela hamarkada bat argitaratu zuten lehen Zerbitzu Gida. «Tokiko zerbitzuak ikustarazteko sortu zen», oroitu dute, «komunitate baten ongizate ekonomikoari eta sozialari laguntzen diolako, aniztasuna eta berezitasuna sustatzen dituelako eta tokiko garapenean inbertsioa sustatzen duelako». Hitzak ez direla zahartu azpimarratu dute, eta tokian tokiko zerbitzuak erabiltzera animatu dituzte goierritarrak.
Bi urtez behin argitaratu da orain arte Zerbitzu Gida: 2013, 2015, 2017, 2019 eta 2021. Seigarren alea «osoena» dela azpimarratu dute.