Etorkizun hurbileko proiektuak mintzagai, azkeneko herri batzarrean
Auzo udalaren prozesuari berrekiteko Batzar Nagusietan bilera. Alegiko Sindikatoan denda jartzeko lanak amaitzear daude, dagoeneko. Auzo-konpostarako edukiontziak berritu dituzte.
Auzoko etorkizunari begira garrantzitsuak izango diren hainbat proiektu aztergai izan dituzte itsasoarrek asteburu honetarako deituta zegoen herri batzarrean. Auzo udal izendapenaren afera, edo goiko ostatuko eta Alegi auzoko dendaren proiektuen inguruko azken berriak azaldu dituzte, besteak beste.
Maiatzeko udal hauteskundeak pasa eta behin Batzar Nagusiak berriro egituratuta, Itsaso auzo udal izendatzeko prozesuari berriz heldu diote. Ezkio-Itsasoko Udaleko ordezkariak Batzar Orokorra osatzen duten alderdi batzuekin elkartuta daude gaur; EAJ, PSE-EE eta EH Bildurekin, hain zuzen, proiektua berriro azaldu eta behin behineko onarpena ematea eskatzeko.
Goiko ostatua edo Kontzeju etxeko proiektuaren inguruan ere aritu ziren larunbatean. Gorka Sasieta Itsasoko Batzordeko kideak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariekin bilera egin zuten irailean, proiektuaren alde teknikoei buruz hitz egiteko. Batez ere, «irisgarritasunari» lotutako gaiak aztertu zituzten, eta eraikinari igogailua kanpotik jartzea erabaki zuten. Bestalde, Alegi auzoko Sindikatoan herriko denda zabaltzeko proiektua ere aurrera doa. Egokitze lanak amaitzear daude jada. Larunbateko herri batzarrean «dendaren jarraipena egingo duen lan taldea sortzeko estatutuak onartu zituzten».
Poliki, baina seguru
Alegi auzoko Zelai Ondo elkarteko bigarren solairuan balioanitzeko espazio bat egokitzeko proiektu bat ere aurkeztu zuten. «Erein diru laguntzetara aurkeztu genuen proiektua udan, eta orain erantzunaren zain gaude», esan du Sasietak. «Bigarren solairua irisgarri egiteko» igogailu bat jartzea ere aurreikusi dute.
Hainbat herritarren eskaerari erantzunez, hilerrian errautsak gordetzeko kolunbario bat jarriko dute, «aurrekontu eta aukera ezberdinak» aztertzen ari dira. Herrigunean auzo-konposta egiteko edukiontzi berriak ere jarri dituzte: «Aurrekoak baino egokiagoak dira, prozesua hobeto egiten laguntzen dute». Bi gune daude Itsason, bat herrigunean eta bestea Alegi auzoan.