Euskararen Nazioarteko Egunaren harira egitarau zabala izango da Goierrin
Abenduaren 3a, igandean, ospatuko da Euskararen Eguna, baina aurreko egunetan ere izango dira ekintza ugari. Teknologiari euskara irakasteko egitasmoan parte hartzeko deia egin dute.
Eusko Ikaskuntzaren ekimena izan zen abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Egun izendatzea. Zehazki, 1948an Baionako batzarrean hartutakoa. Denbora asko igaro da ordutik, baina oraindik euskarak bultzada handien beharrean segitzen du. Goierrin, herri gehientsuenetan egingo dituzte euskararen aldeko ekintza eta ekitaldiak, eragile desberdinen ekimenez.
Euskararen aldeko eguna, igandearekin batera ospatuko da aurten, baina ordura arte itxaron gabe, ostiralean hasiko da euskararen festa eta aldarria. Batik bat, ikastetxeetan izango dira ospakizunak. Ordizian, bai Urdaneta ikastetxeak, bai Jakintza ikastolak, ekintza sorta oparoak antolatu dituzte. Urdanetarrek, ikuskizuna, kantujira, ibilaldia, herri kirolak, txokolatada, gaztaina jana eta zinea antolatu dituzte. Jakintzan berriz, Argitxoren urtebetzea ospatuko dute eta dantza emanaldia egingo dute Majorin, urteroko moduan.
Olaberriako eskolan ere irakurketa saioak, hamaiketakoa, tailerrak, eta bingo musikatua. Idiazabalgo eskolan ere antolatu dituzte makina bat ekintza.
Ostiraleko egitarauari erreparatuz, Beasainen izango direnak ere aipamen berezia merezi dute. Zubimuzu plazan bilduko dira herriko gaztetxoak hain maite duten Gartxi euskararen zaindariaren etorrerarako, eta ozen oihu egingo diote ager dadin. Berak piztuko du euskararen sua, haur guztien babesarekin. Euskararen banderolak ere ekarriko ditu eta etxeetako balkoietan edo leihoetan jartzeko deia egingo du. Aittu! euskara elkarteak, Beasaingo Udalaren laguntzarekin antolatzen du ekitaldia.
Melmak Gaztetxeko asanbladak ere egin nahi izan du euskararen egunaren harira ekarpena. Ostiralerako, euskararen erronka berriez hitzaldia antolatu dute, Plazazpian, 19:30ean, eta Julen Portillo, Iker Plazaola, Maria Blanco eta Aimar Sorazuren bakarrizketa saioa 20:30ean.
Aittu gazte eguna
Gizarte osoa, baina batik bat, gazteak eragin nahi ditu Aittu! euskara taldeak; haiek direlako etorkizuna. Hala, elkartearen gazteen taldeak, larunbat arratsalde-gauerako jaia antolatu dute.19.00etan emango diote hasiera ospakizunari Joseto ta Alayak elektrotxarangarekin. Azken Sustraiak taldearen kontzertua izango da 21:00etan hasita eta Muxutruk erromeria 23:00etatik aurrera.
Urretxu-Zumarragan, larunbatean ere, mintzodromoa antolatu dute, Zelai Arizti kultur etxean, 11:00etan. Herritarren artean euskararen erabilera sustatzea du helburu.
Gaitu egitasmoa
Euskarazko ahots-corpusa sortzen laguntzeko asmoz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Gaitu proiektua sortu du. Honen bidez, Mozilla fundazioak martxan jarritako Common Voice ekimena elikatuko da. Horrela, euskarak testuinguru digitalean dagokion presentzia izango du, teknologia arloan duen erabilgarritasuna finkatuko du eta erabilera-eremuak handituko ditu.
Egitasmoari indarra emateko, ekintzak antolatu dira egunotarako. Beasainen, igandean, Gaituren aldeko maratoia egingo dute, 10:00etatik aurrera. Legazpiko Udaletik ere, egitasmoan parte hartzeko deia egin diete euskal hiztunei, gaitu.eus webgunean sartuta. Bertan sartuta, euskarazko grabaketak jasoko dira.
ATAUN
- Abenduak 3. Igor Elortzaren Anoyme popular emanaldia, Herri Antzokian (19:00).
BEASAIN
- Abenduak 1. Gartxiren etorrera, (11:00). Euskararen erronka berriez hitzaldia, Plazazpian (19:30) eta Julen Portillo, Iker Plazaola, Maria Blanco eta Aimar Sorazuren bakarrizketa saioa (20:30).
- Abenduak 2. Aittu gazte eguna: Joseto ta Alayak elektrotxaranga (19:00), Azken Sustraiak taldearen kontzertua (21:00), eta Muxutruk erromeria (23:00)..
Abenduak 3. Gaitu proiektuaren aldeko maratoia (10:00). Pololo, Elena eta Txiki pailazoen emanaldia, Usurben (16:45)..
EZKIO-ITSASO
- Abenduak 3. Erdaldun berrien kluba antzezlana, udaletxean (18:00). Segidan, gaztainak eta sagardoa, Santa Lutziko plazan.
IDIAZABAL
- Abenduak 1. Herri eskolan ekintzak.
- Abenduak 3. Buruarin tailerra, Plaza Nagusian (10:30). Buruarinen kalejira eta kantujira (12:30).
- Abenduak 4. Belarriko kilkerra liburuari buruzko tertulia, Uxue Alberdirekin, udaletxean (18:30).
GABIRIA
- Abenduak 3. Kantu bazkaria 14:00etan, Osinalde elkartean
LAZKAO
- Abenduak 1. Sara Zozaiaren kontzertua, Arerian (20:30).
- Abenduak 2. JTK Lazkaun taldearen kantu afaria, Gerriko elkartean (21:30).
- Abenduak 3. Buruhandiak eta erraldoiak 11:00. Jundajo txaranga 12:00. Lazkaoko Musika Bandaren kalejira 17:00. Pregoia (17:30). Oin Arin dantza taldearekin eta Lazkao Txiki Musika Eskolako trkitilariekin erromeria (18:00).
OLABERRI
- Abenduak 1. Egunean zehar, eskolan: irakurketa saioak, hamaiketakoa, tailerrak, bingo musikala. Haurrentzat Donna Bufona ipuin kontaketa saioa (17:00).
- Abenduak 3. Haurrentzat bola tiraldiak (11:00). Gazteentzat bola tiraldiak eta desafioak (12:00). Ume jolasak, plazan (17:00). Talogileak, plazan (18:00). Andoni Ollokiegiren kontzertua (19:00).
ORDIZIA
- Abenduak 1. Iratxoak eta basoko sorginkeria ikuskizuna Herri Antzokian (10:30). Kantujira Ordizian barrena. Euskararekin bat, euskaraz bat ibilaldia. Bertsoak eta dantza, Plaza Nagusian (11:30). Arratsaldean, herri kirolak, txokolatada, gaztaina jana eta zinea, Urdaneta ikastetxean. Argitxoren urtebetetzea eta dantza emanaldia Majorin, Jakintza ikastolak antolatuta. Zuhaizti zentroan, bingoa euskaraz (16:30). Barry Barrez bakarrizketa, Hitzaro euskara elkarteak antolatuta (18:30).
- Abenduak 2. Euskal karaokea, Gaztelekuan, arratsaldean.
- Abenduak 3. Ekintza desberdinak, Gaztelekuan, arratsaldean.
SEGURA
- Abenduak 3. Botika Xaharren umorezko antzerki taldearen Zopa, San Martinen (17:00/19:00).
URRETXU-ZUMARRAGA
- Abenduak 2. Mintzodromoa, Zelai Arizti kultur etxean, (11:00).
ZALDIBIA
- Abenduak 1. Kantu jira, plazan haurrekin (19:00). Gero, tabernetan, afal ordura arte.
- Abenduak 3. Ama Mu etxera itzuli da zinema emanaldia, Karreanen (16:30). Mia eta lehoi zuria zinema emanaldia, Karreanen (18:00).