Hamabost urte euskara sustatzen
Duela 15 urte jarri zuen martxan Ederfil Becker kooperatiba elkarteak lan arloan euskara sustatzeko plana, 2008an. 2009an ezagutza %74koa zen, eta erabilera %36koa; egun, ezagutza %82koa da, eta erabilera %50ekoa.
Duela 15 urte, 2008an, euskara plana jarri zuen martxan Mondragon taldeko Legorretako Ederfil Becker kooperatiba elkarteak, lan arloan ere euskara sustatzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Ez zuten euskarari lotutako planik, eta laneko dokumentu eta jarraibide guztiak gaztelaniaz zeuden, nahiz eta gehienak Goierri eta Tolosaldeako langile euskaldunak izan. Euskara lan arloan sustatzeko beharra identifikatu eta euskara plana sortzeari ekin zioten.
Garai hartan bi kooperatiba ziren: Ederfil, batetik, eta Becker, bestetik. 2014an batu ziren Ederfil Becker sortzeko, baina 2008an jada euskara planarekin hasi ziren bi enpresak, Emun aholkularitza kooperatibaren laguntzarekin. Euskara batzordea sortzea izan zen lehenengotariko pausoa. 2008ko irailaren 11n euskara maila neurtzeko lehen inkesta egin zuten, egoeraren diagnostiko modura. Ondorioztatu zuten, ezagutza maila altua zen arren, erabilera baxua zela.
Lehendabiziko neurketa 2009an egin zuten. Emaitzak planaren beharra berretsi zuen: erabilera orokorra %36koa zen, nahiz eta ezagutza maila %74koa zen. «Ikusten zen langileen lautik hiruk ezagutza bazutela, baina erabileran ez zen erdira ailegatzen», azaldu du Aitor Goiburu hasiera hartako euskara batzordeko koordinatzaileak. Hamabost urteotako lana azken neurketaren emaitzan ikus daiteke: egun, %50ekoa da erabilera, eta ezagutza %82koa.
Euskara lehenestea
Lanerako dokumentuak, prozesu orriak, komunikazio oharrak…dena gaztelaniaz zegoen. 2010ean hizkuntza irizpideak zehaztu zituzten, «aurrerapauso handia» izan zena. Horren bidez, euskara arlo guztietan lehenestea lortu dute. Lehen, erdera lehenesten zen lanerako gailu, prozesu, orri eta komunikazioetan. Gaur egun, edozein komunikazio edo instrukzio euskaraz egiten dute, eta eskaera egin behar da gaztelaniaz izateko.
Euskara planaren misioa argia zen: Ederfil Becker-eko langile guztiei euskaraz lan egiteko aukera bermatzea eta Euskal Herriko erakundeekin harremanak euskaraz bultzatzea. Gaur egun ere antzerako misioa dute, zehaztapen batzuekin: «Errepasoa egin genuen eta egun misioa da Ederfil Becker-eko langile guztiei ahoz eta idatziz euskaraz lan egiteko aukera bermatzea». Hala, garatutako euskara planaren bidez, euskara kooperatibako lan hizkuntza izatea lortu dute. «Egun, 15 urte eta gero, esan dezakegu lan hizkuntza euskara badela», agertu du Goiburuk.
«Hobetzeko» tartea badago, baina «normaltasunez euskaraz lan egitea lortu» dute. Lanean jarraitzen dute. Langileria osora iristea da xedea. Egun euskara batzordeko koordinatzailea den Maitane Aierdik azaldu duenez, bulegoko langileetan ez ezik, tailerreko langileen hizkuntza ohituretan eragin nahi dute. «Ederfil Becker osatzen dugun guztiok izan behar dugu euskara planaren parte». Erabileran ez ezik, ezagutzan eragiteko euskara klaseak sustatzen dituzte, urtero kanpaina bat zabalduz euskara ikasi edo hobetu nahi dutenen artean.
Euskararen Eguna
Hamabost urte pasata, aldaketa garrantzitsuak eman dituzte lantokian euskara erabili dadin. Euskararen Eguna igandean izango da. Ederfil Becker-eko langileek astelehenean ospatuko dute eguna. Argazkia aterako dute elkarrekin, kafea doan izango da egun osoan zehar, eta Egunean Behin lehiaketan kooperatibako taldean parte hartzeko deia zabalduko dute. Parte hartzaileen artean bi ardo botila zozkatuko dituzte.
Ingudeak Goierriko enpresen Euskara Batzordeak topaketa bat antolatu du lan munduan euskararen erabilera sustatzeko interesa duten erakunde eta pertsonei zuzenduta. Ostiralean izango da, 9:30ean, Goieki-ren egoitzan. Ekitaldian AMPO, CAF, Ederfil Becker eta Irizarren euskara sustatzeko egin diren praktika zehatzen berri emango dute enpresa bakoitzeko ordezkariek. Lantokietan euskararen erabilera bultzatzea helburu duten pertsonak elkartzeko eta sinergiak sortzeko topaketa ere izango da. Hitzaldien ondoren, hamaiketakoa eskainiko dute, 11:30 arte. Parte hartu nahi dutenek www.labur.eus/ingutopa helbidean eman behar dute izena.