«Lau urteotarako apustu bat etxebizitza izango da Olaberrian»
Laugarren agintaldia hasi du Jokin Garmendia Asurabarrenak (Olaberria, 1965), «azkena» izango den desioarekin. Ihurren etxe irisgarriak eta kaskoan erosgarriak eskaintzea planteatu dute.
Agintaldia martxa hartuta dago? Zer moduz hasi da?
Jarraipena da hemen dena jada. Gurpila martxan jarrita dago, eta horrekin jarraitzen dugu. Ez dakit zuzen-zuzen, baina behintzat bueltaka aurrera doa, lehendik datozen bideei jarraitzen. Bultzada berri bat ematen hasi gara.
Laugarren alkatealdia duzu.
Esperientziaren erraztasunak edo urteen zamak, zer pisatzen du gehiago?
Erretzen ere joaten da bat. Baina esperientziak asko laguntzen du. Lehen larritzen zinen gauzengatik, orain ez zara apuratzen. Ohitura bihurtzen da, eta nahi gabe egiten dituzu gauza asko. Ondo edo gaizki, baina martxa hartuta daukat.
Pertsonalki, indartsu sentitzen zara?
Uzteko gogoarekin. Urteetan aurrera goaz, eta errelebo bila ari gara. Aspalditik genbiltzan, baina orain jada beharragatik da. Agintaldia bukatzeko asmoarekin hasi naiz, baina bitartean ondorengoa sortzen baldin bada, uzteko prest eta desiatzen.
Zerk eragiten du karga?
Eguneroko bizitzan, dedikazioaren erdia baino gehiago da udalekoa. Nire lanak ere pixka bat albora uzten joan naiz. Jada jubilazioari begira hasita gaude, atzerako kontaketan. 58 urte ditut. Kennedy hil zuten garaikoa [1963] naiz ia, 1965ekoa…
OEOren udal proiektuak hauteskundez hauteskunde babesa jasotzen jarraitzen du. Aurten zinegotzi kopuruan estutu da aldea baina.
Boto kopuruan ez da estutu, ez ditugu galdu. Botoen banaketaren baitan egon da diferentzia, gehiago. Beti alde handiagoa atera dugu Ihurren; orain ere bai, baina parte-hartzea txikiagoa izan da oraingoan, eta horrek eragin du banaketa aldatzea. Gustura gaude, herritarrek babesa ematen jarraitzen dutela ikusten dugu eta; apustua gure alde edo besteen kontra den ez dakit, baina hor jarraitzen dute.
Lau urteotarako, lehenbiziko egitekoa zein hartu duzue?
Lehentasuna lehendik datozen obrak eta lanak bukatzea da. Aurreko legealdian egin genuen etxebizitza beharren hausnarketa-lan bat ere. Emaitza oso garbia ez zen atera, nahiko generikoa baizik; Olaberrirako bezala balio zezakeen beste edonorako.
Zein dira ondorio nagusiako?
Ikusi genuen beheko auzoan heldu asko dagoela, eta horiek etxe nahiko zaharrak eta irisgarritasun arazoak dauzkatela. Horri buelta bat emateko zerbait egin nahi dugu. Goian, berriz, gazteek aukera gutxi dauzkate, batez ere etxebizitzen prezioa altua delako; hori toki guztietan berdina da, baina hemen gehitu behar zaio distantziengatik zerbitzuak ez direla Beasain batean bezalakoak. Orduan, beste nolabaiteko pizgarriak jarri behar ditugu, herritar gazteak hemen geldi daitezen.
Zer ekimen duzue buruan?
Badugu asmo bat etxebizitza batzuk antolatzeko eta aukera hori emateko. Agintaldi honetan hasi behintzat egin nahi dugu. Ihurren lokal batzuk jada erosi ditugu, lehen lokalak zirenak orain etxebizitza egokitzeko. Aurten bertan egiteko asmoa dugu. Aurreko legealdian bi lokalekin bi etxebizitza egin genituen, eta oraingoan beste sei egiteko asmoa dugu. Aurten birekin abiatuko gara, eta aurrekontuetan aurreikusita dago. Lehenago taberna zen lokalean, bi etxebizitza dotazional jarriko ditugu.
Eta herri-kaskoan?
Ea nola egiten dugun… Mugatuago gaude horretan. Plan orokorrean aurreikusitako etxebizitzak ez dira gauzatu. Badago promotore bat egin nahian dabilen proiektu bat, baina atzeratzen ari da; ez dakigu aterako den. Lau pisuko etxebizitzak dira, eliza barrenean. Jada inbertsio batzuk egin dituzte, lurra egokitu dute, urbanizatuta dago aspalditik, ni hona etorri baino lehen.
Beste lurzoruren bat ere eskuratu ahalko ote dugun gabiltza, etxeak egiteko. Prezioz, etxe erosgarriak egiteko. Ihurren irisgarriak eta kaskoan erosgarriak, horrelako zerbait planteatzen dugu. Lau urteotako apustuetako bat etxebizitza izango da.
Zer lur-aukera du udalerriak?
Askorik ez. Oso frakzionatua dago, lur zati pribatu oso txikietan. Lehengo legealdian sail batzuk erosi genituen, pinudiak kendu eta bertako basoa jartzeko. Baten bat larre ere bihurtu dugu. Landatu gabe zeuden beste batzuk landatu ditugu. Hortik joango da. Baina ez dago partzela handi bat.
Duela lau urte, esaten zenuen mentalitate aldetik berrikuntza bat behar zela. XXI. mendera jarri beharra. Ari zarete?
Hori gizarte guztiak egin beharrekoa da, eta pixkanaka ari gara. Herri diseminatuan adina disparatuta dago, batez bestekoa oso zaharkituta dago. Ihurre auzoan ere bai. Horiei aldaketak eskatzea zaila da. Baina, beno, ari dira. Hemen Internet abiaduran iristeak asko esan nahi du. Zentzu horretan bai, aldatu gara. Pandemia ondoren tele-lanari indarra eman zaio, eta batzuek jarraitzen dute. Hori ahalbidetu zaie banda zabala iristearekin, bestela ez zegokeen aukerarik. Bikote poloniar bat dago, adibidez, etxetik lan egiten duena, eta umea hemen hazten ari dira. Beste aukera bat irekitzen zaigu herri txikioi hor.
Jaurlaritza ari da Lurraldeko Zatikako Plana berritzen. Zuekin kontsultatu al dute?
Ez dute gehiegi kontsultatu, baina LPSko kontsulta batzuk egin dituzte. Bidegorriaren aldaketa batzuk proposatu ditugu. Aldunditik ere aldaketak datoz, lur ez urbanizagarriko etxebizitzen garapenarekin. Gure Plan Orokorrarekin nolabait kontrajarri egiten da. Nahiz eta plana onartu zenetik azken 5-6 urteotan ez den gertatu, asmoa genuen, baserriak ez huste aldera, baserri batean bi etxebizitza, hiruraino, ateratzeko aukera ematekoa. Badirudi orain hori moztera datorrela Aldundia. Baita ere, ari gara pentsatzen nolabait intzentibatzea hutsik dauden baserriak betetzera datozen familiak, baina forma ematea ez da hain erraza.
Orain arteko izaera mantentzea izango du Olaberriak etorkizuna? Beheko bailaran industria eta zerbitzuak, eta gainerakoa landa lur?
Bai, horrek ere bere inertziaz funtzionatzen du. Industrigunea ia dena garatuta dago; hazteko aukera gutxi daude. Eremu bat esanguratsua badago, igerileku ondoko eremua, lehen futbol zelaia zena. Hori Arcelorrena da. Badirudi proiektu bat badaukatela hor burutzeko, baina ez daukate garbi zer egin.
Ekonomikoki, Olaberria sendo dago?
Bai. Sarri entzuten dugu Olaberrian diru asko daukagula. Hori mitoa da. Goierri aldeko bileretara joan, eta guk ez dezagula eskatu dirurik… Baina hemen ere txakurrak hanka-hutsik ibiltzen dira. Noski, arazo ekonomiko larririk ez dugu. Ekonomia saneatua dugu, baina Goierri guztiak bezala. Hemen zorretan dagoen edo zor handirik daukan udalik ez dago. Herri txikiren bat ibili da larri, baina gainontzean…
Datozen lau urteok zertarako erabili nahiko zenituzkete?
Nik, pertsonalki, norbait martxan jartzeko eta ordezkoa uzteko. Gero, jarraipena emateko orain arte egin dugunari. Orain datorren urterako aurrekontuekin ari gara, eta ea hor zer sartzea lortzen dugun. Zorionez, baditugu baliabideak, eta gakoa da zertan gastatu erabakitzea; dirua nola lortu baino gehiago, nora bideratu asmatzea. Hori ona da berez, baina kezkak sortzen ditu horrek ere, asmatzen oten den.