Zaintza sistemari buelta emateko nahiak Goierriko kaleak hartu ditu
Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba feminista orokorrarekin bat egin dute ehunka eragile feminista, sozial eta sindikalek, zaintza sistema «bidegabea» salatu, gaiari oihartzuna eman eta gizarte osoaren ardura behar duen sistema aldarrikatzeko.
Euskal Herriko herri eta hirietako kaleak hartu ditu gaur mugimendu feministak, zaintza erdigunean jarri, sistema bera problematizatu eta zaintzak gizarte osoaren inplikazioa behar duela aldarrikatzeko. Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba feminista orokorrarekin bat egin dute Goierrin ere eragile sozial, feminista eta sindikalek. Goizean goizetik mobilizazioak izan dira eskualdeko herri gehienetan. Iluntzean Lazkaotik, Beasaindik eta Ordiziatik manifestazio bana egin da, eta Goierri beheko zutabearekin bat egin dute hiru adarrek Malkaskon. Goierri garaiko manifestazioa Urretxu-Zumarragan izan da.
Herrietako mobilizazioetako argazki galeria. Egin klik ikusteko.
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren oharra irakurri dute Ordizian zein Urretxu-Zumarragan, manifestazioen ondoren. Goierri behekoek, Ordizian ekitaldi batekin amaitu dituzte mobilizazioak. Urteak daramatza mugimendu feministak zaintza krisia eta horren eragina seinalatzen. Greba feminista orokorra «historikotzat» jo dute, aurrekaririk gabekoa izan baita. Pribatizatutako eta familiarizatutako zaintza sistema «bidegabea» salatu, gaiari oihartzuna eman eta gizarte osoaren ardura behar duen sistema aldarrikatu dute, eragile ezberdinen arteko batasuna lortuta. Egoitzetako langileak, senideak, pentsiodunak, ikasleak, gazteak, nekazariak, sindikalistak, migratuak…grebara atxiki dira.
Egiturazkoa delako
Ordiziako ekitaldian zaintza lanetan ari diren emakumeen testigantzak zabaldu dituzte, eta egungo «zaintza sistemak sortzen duen indarkerian» jarri dute azpimarra. «Indarkeria sistemikoa da, egiturazkoa. Egoera prekario eta prekaritzatzaileetan oinarritzen da funtzionatu ahal izateko. Horregatik irauli behar dugu sistema biolento hau», aldarrikatu dute. Gizonak interpelatu dituzte, «zaintzen gaineko konpromisoa» har dezaten, eta baita erakundeak ere, «sistema publikoaren oinarri, duten erantzukizunari irmo heltzeko». Komunitateari dei egin diote, «indibidualismotik aldendu eta zaintza beharrei kolektiboki erantzuteko».
Irakurketan adierazi dute gaurko eguna «mugarria» izan dela Euskal Herriko Mugimendu Feministarentzat, baina badagoela «bide luzea egiteko oraindik». Gaurtik aurrera «antolatzen eta sareak ehuntzen jarraitzeko oinarri sendoak» eraiki dituztela jakitun, aliantzak egiten segi nahi dute, bizitza guztiak erdigunean jarriko dituen sistema baten alde. Epe motzean, egungo «sistema kolapsatuak» eragindako «egoera larriei buelta ematea» dute helburu, eta epe luzera, «kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoaz gaindi, zaintza sistema publiko-komunitarioa» egikaritzea.
Egoera aipagarriak
Pikete informatiboak lantegietan, kotxe karabanak, kantaldiak, elkarretaratzeak edota bazkari autogestionatuak egin dituzte Goierrin. Egun osoan mobilizatu dira ehunka herritar zaintza sistema iraultzearen alde. Tentsio egoerak ere sortu dira. Olaberrian gizon batek mehatxu egin die protestan zeuden emakumeei, Ertzaintzak Itaiako zenbait kideren kontra kargatu du Beasainen egin duten mobilizazioan, eta Ordizian, Orkli enpresako kamioilari batek tirabirak izan ditu protestan zeuden zenbait kiderekin.