Eragileek grebaren balorazio positiboa egin dute
Greba antolatu duten eragile feministek eta hauekin bat egin duen gehiengo sindikalak balorazio ona egin dute. Jarraipena «zabala» izan arren, zenbakietatik harago begiratu dute
Greba feminista orokorrak «jarraipen zabala» izan du antolatzaile guztien hitzetan. Bereziki, sektore publikoan. Baina industrian, Gizarte Ongizate arloan, zerbitzuetan… izandako eragina ere «esanguratsua» izan dela azpimarratu zuten.
Eskualdeko udalek modu orokorrean egin dute bat grebarekin. Esaterako, greba egin zuten Ataungo, Beasaingo, Idiazabalgo, Legazpiko Ordiziako, Urretxuko… udaletako langileek. «Zerrenda luzea da», laburbildu dute. Liburutegiak, kiroldegiak eta estiloko zerbitzuk publiko gehienak ere itxita egon dira. Eta Sasieta mankomunitateko langileek ez zuten zaborrik jaso.
Eskoletako jarraipena «oso zabala» izan da, publikoetan zein itunpekoetan.
Berdin, Gizarte Ongizateko alorrean. Erantzuna «oso zabala» izan zela zenbatu dute sindikatuek. Zumarragako Argixao Ordiziako San Jose egoitzetako langileek, esaterako, bat egin dute grebarekin, lanean ari diren arren. ELAk eta LABek elkarrekin salatu dute «milaka langileri greba eskubidea ukatu» zaiela, zerbitzu minimoak «gehiegizkoak» direlako, «beste behin».
Industrian ere eragina izan du grebak. Indar, Jaso, CIE Automotive, GKN edo Bellota «erabat» gelditu dira. CAFeko jarraipena «oso handia» izan da.
Eusko Jaurlaritzak bidalitako datuen arabera, administrazio orokorrean %13,28k egin dute greba; hezkuntzan, %39k; osasunean, %5,6k; segurtasunean, %2k; eta justizian, %11k.
Bizitzak Erdigunean
«Eraginari ikuspegi zabalagoarekin begiratuko diogu»
Denon Bizitzak Erdigunean plataformak grebaren «jarraipen zabala» nabarmendu du eguerdian, deialdiaren berehalako balorazioa egiterakoan. Dena dela, kopuruak ez direla garrantzitsuenak azpimarratu dute. Izan ere, gogorarazi dute protestaren muinean dauden langile askok ez dutela grebarako aukerarik, zaintza lanetan ari direlako, greba eskubiderik ez dutelako edo «gehiegizko» zerbitzuak inposatu zaizkielako, eta ezin direlako kontabilizatu. «Grebak izango duen eraginari ikuspegi zabalagoarekin begiratuko diogu gaur, bizitza sostengatzeko lanetan ari diren guzti horietan arreta jarriz».
Bizitzak Erdigunean plataformaren barruan daude Goierriko hainbat eragile feminista.
LAB
«Zaintza sistemaren iraultza eta emakumeen saretzea martxan jarri da»
LAB sindikatuak ere kopuruetatik «harago» begiratu behar dela azpimarratu du. «Ezohiko greba formatua izan da, ikuspegi feminista duen greba. Produkzioan eragiteaz gain emakumeen ahalduntzea eta saretzea bilatu ditugu, eta lortu dugu. Horri esker, zaintza sistemaren iraultza martxan jarri da».
ELA
«Grebalariok ekarpen handia egin diogu berdintasunari»
ELAren ustez «agerian gelditu da agerian zaintzaren eztabaida politikoa saihestezina» dela. «Funtsezkoa da beste zaintza sistema bat eraikitzea: alde batetik, pertsona erdigunean jarriko duen zaintza sistema parekidea behar da; eta bestetik, publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango dena». Agintariei aldarrikapenei erantzutea exijitu die eta grebalariei «berdintasunari ekarpen handia» egin diotela esan diete.
Itaia
«Grebak etorkizuneko borroketarako indarra emango digu»
Itaiak biharamunean jarri du arreta balorazioa egiterakoan. «Greba egunak etorkizuneko borroketarako indarra emango digu», esan dute. Martxan dituzten lan-ildoei eutsiko ditela iragarri zuten. Jende gehiagorekin aurreikusten dute, gainera. «Gaurko mobilizazioak oso jendetsuak izan dira», azpimarratu zuten. Era berean, presentzia poliziala «handia» eta «etengabea» izan zela salatu dute.