Emakume zientzialarien lana ikusgai Ordiziako erakusleihoetan
'Otsailaren 11 erakusleihoak' ekimenarekin bat egin du Ordiziako Udalak, merkatariekin elkarlanean. Elhuyar-ek duela lau urte sortutako ekimena da, emakume zientzialarien lana ezagutaraztea helburu duena.
Ordiziako saltoki batzuetako erakusleihoetan emakume zientzialarien presentzia izango da gaurtik otsailaren 11ra arte. Udalak, merkatariekin elkarlanean, bat egin du Elhuyar-ek antolatutako Otsailaren 11 erakusleihoak ekimenarekin. Horren harira, zenbait erakusleihotan emakume zientzialarien lana ezagutzera emango dute hurrengo asteko igandera arte.
Egun horretan, otsailaren 11n, ospatzen baita Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, 2016tik. Nazio Batuen Batzar Nagusiak aukeratu zuen egun hori urte hartan, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Egunari lotuta, Elhuyar-ek duela lau urte sortutako ekimena da erakusleihoena, emakume zientzialarien lana ezagutaraztea helburu duena.
Bizkaiko eta Gipuzkoako 290 saltokik egin dute bat ekimenarekin: Barakaldon, Abanto-Zierbenan, Bilbon, Deban, Elgoibarren, Gueñesen, Ibarran, Laudion, Plentzian, Zarautzen, Beasainen eta Ordizian. Iaz ere egin zuten Goierrin, Ordizian zein Beasainen. Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa hilaren 11ra arte.
Ordizian, 16 saltokitan
Zientzialari bakoitzarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarri dituzte erakusleihoetan, egin duten ekarpena ikusaraziz. Horrez gain, ginkana batean parte hartzeko aukera izango da. Mugikorrean Actionbound aplikazioa jaitsi eta dendaz denda kartelak bilatu eta QRak eskaneatu beharko dira. QRan emakume bakoitzaren inguruko galdera bati erantzun beharko zaio.
Ordizian, 16 saltokitan aurki daiteke emakume zientzialarien inguruko informazioa: Amaren, Arantxa lentzeria, Carrion, D’elikatuz, Ediren Bidaiak, Farmaetxe Ortopedia, Hidalgo, Irurena, Izan Familien Kabia, Ainhoa Rueda Kiropraktika, Kixmi, Koska, Magazin Romanesc, Maitane Estilismo, Maos pelukeria eta Palomon.
Beasainen, aldiz, saltoki bakarrak parte hartu du: Amaia Perales dietista-nutrizionista kontsultak.
Hamabi omendu
Hamabi emakume zientzialari aukeratu dituzte horma-irudiak eta istorioak zabaltzeko. Emakume zientzialari hauen lanari eta ekarpenei buruzko informazioa jaso ahal izango da:
- Ana Zubiaga Elordieta (Forua, Bizkaia, 1959). Biologoa.
- Angela Saini (Londres, Erresuma Batua, 1980). Zientzia-kazetaria.
- Brigitte Baptiste (Bogota, Kolonbia, 1963). Ekologoa.
- Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea.
- Ana Teresa Diego (Bahia Blanca, Argentina, 1954-1976). Astronomia ikaslea eta ekintzaile komunista.
- Mary Anderson (Greene, AEB). Asmatzailea eta ekintzailea.
- Miriam Friedman Menkin (Riga, Letonia, 1901-1992). Genetikaria eta enbriologoa.
- Elena Ponciano Paino (Durango, Bizkaia, 1980). Arte Plastikoetako eta Ehungintza Arteko Diseinuko goi-mailako teknikaria. Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria.
- Wangari Maathai (Ihithe, Kenya, 1940-2011). Ingurumenaren aldeko ekintzailea eta politikaria.
- Chieko Asawaka (Osaka, Japonia, 1958). Informatikaria.
- Gro Harlem Brundtland (Baerum, Norvegia, 1939). Medikua eta politikaria.
- Maia Duguine Haristoy (Hazparne, Lapurdi, 1979). Euskal hizkuntzalaria.