Ordizia 2030 Ekintza Plana berritzeko parte-hartze saioak egingo ditu udalak herritarrekin
Bi saio izango dira. Otsailaren 6an, Lurraldea eta Antolaketa atalari dagokion edukia landuko dute, eta otsailaren 15ean, berriz, Herritarrak atalari dagokiona.
Ordiziako Udalak Ordizia 2030 Ekintza Plana osatzeko herritarren ekarpenak jasoko ditu bi saiotan. Parte-hartze prozesuaren bidez, datozen urteetako erronkak berritu nahi dituzte. Herritarrak zein herriko eragileak deitu dituzte saioetan parte hartzera.
Adur Ezenarro alkatearen hitzetan, “Ekintza Plana eguneratzea ezinbestekoa da bide orri garbia izateko, gizartea eraldatzen doan heinean beharrak ere aldatzen joaten” baitira. Horretarako herritarren parte-hartzea “garrantzitsutzat” jo du.
Lehenengo saioa otsailaren 6an izango da, asteartean, 18:30ean, Barrena Jauregian. Lurraldea eta Antolaketa atalari dagokion edukia landuko dute lehen saio horretan. “Herriaren hiri-garapena, garapen ekonomikoa, mugikortasuna eta naturaren zaintzari lotutako gaiak landuko ditugu batez ere”, azaldu du Maitane Alvarez alkateorde eta zinegotziak.
Bigarren saioa, aldiz, otsailaren 15ean izango da, 18:30ean, Barrena Jauregian. Herritarrak arloarekin lotutako gaiak izango dituzte hizpide, Ainhoa Jimenez zinegotziak adierazi duen bezala, “besteak beste gizarte-ongizatea, berdintasuna, osasuna, euskara eta kulturari helduz”.
Hiru azpi atal
Garapen Iraunkorrerako 20230 agendaren helburuak lortzeko hiru azpi atal zehaztu dituzte: Herritarrak, Lurraldea eta Antolamendua. Hauek dira horien inguruko zehaztapenak:
- Herritarrak. Ordiziako biztanleen ongizatea eta bizi kalitatea hobetu eta bermatzeko hartuko diren neurriak agertzen dira. “Komunitate inklusiboa, euskalduna, feminista, anitza eta justua” lortzeko 11 helburu eta 64 ekintza aurreikusi dituzte.
- Lurraldea. Ordizia “herri atsegina, berritzailea eta jasangarria lortzeko” hartuko diren neurriak azaltzen dira. Trantsizio ekologikoan oinarrituta, azoka eta elikadura subiranotasuna bultzatzea, balio erantsia duen bertako ekonomia sustatzea, beharrezko azpiegiturak eraikitzea… “Ordizian bizi erosi, ikasi eta lan egiteko aukera ahalbidetzeko” 11 helburu eta 124 ekintza aurreikusi dituzte.
- Antolamendua. Bi helburu zehaztu dituzte: batetik, herritarrei beharrei erantzuteko komunikazio eta arreta zerbitzu zuzena, gardena eta eraginkorra eskaintzea, eta bestetik, administrazio moderno, jasangarri eta eraginkorra lortzeko 22 ekintza zehatz.
Herritar guztiak gonbidatu dituzte parte-hartze saioetara, haien ekarpen eta proposamenak egiteko.