Oles oles, lurra esna zaitez
Santa Ageda bezperako kantu-errondak, eskeak eta etxez etxe koplak kantatuko dituzte igandean, Goierriren luze-zabalean. Aspaldiko ohitura hau Negualdiko festa bat da, eta kantuan eta makilekin lurra esnatzean datza.

Neguko hotzak eta ilunak uxatzeko, euskaldunek badituzte aspalditik baliabide eta ohiturak. Festak, ospakizunak eta mokadu goxoen bueltan antolatutakoak izan ohi dira gehienak. Otsaila, esate baterako, ospakizunez betetako hilabetea izan ohi da. Kandelerio eguna ospatuko da gaur; bihar, berriz, San Blas eguna; eta, igandean, Santa Ageda bezpera; gero, inauteriak…
Igandean, otsailaren 4a da, Santa Ageda bezpera. Ohitura zaharrari eutsiz, eskualde guztian arituko dira kopla kantari eta makilarekin lurra joz, udaberrira begira esna dadin.
Urteari errepasoa
Ohitura zaharra berrikuntzekin uztartuko dute Itsason. Badira urte batzuk, urtero kopla berriak sortzen hasi zirela. Urtean zehar izan diren gertakariekin osatu dituzte kopla berriak. 2023 urteko errepasoa, koplen bitartez bakarrik ez, argazki eta bestelako irudiekin lagunduko dute, eta igandean, 13:00etan Ostatuko jangelara inguratzeko gonbita luzatu dute udaletik.
Matxinbentako jaiak
Ohiko hitzorduak mantenduko dira herri eta auzo guztietan baina bada azpimarragarria den berrikuntza bat. Berrikuntza baino, albistea da Matxinbenta auzoan Santa Ageda jaiak berreskuratu dituztela. 2020an egin zituzten azkenekoz. Hauek antolatzeko gainbehera bateko, eta pandemia besteko, 2020 urteaz geroztik ospatu gabe pasa dira.
Larunbatean suziria jaurtiz hasiko dituzte festak. 21:00etan bertso afaria egingo dute Beheko tabernan, Aitor Bizkarra eta Agin Laburu bertsolariekin. Trikitilariak ere lagun izango dituzte. Erreserbak egiteko 943 88 63 15 telefonora deitu behar da.
Igandean, berriz, 11:00etan, meza izango da, eta ondoren, mokadutxoa denentzat.
Ilunpeko eta Beasaingo pilotariek partidak jokatuko dituzte, eta herri kirol erakustaldia ere izango da. Aizkoran, Ugarteburu, Etxeberria eta Larrañaga, eta harrijasotzen, Goenatxo hirugarrena arituko dira. Musika, Itzeder eta Txibilter trikitilarien eskutik izango da.
Jaien azken eguna, astelehena, Santa Ageda eguna, izango da. Goizerako egitaraua antolatu dute. 11:00etan meza izango da. Azpeitiko abesbatzak parte hartuko du elizkizunean. Jarraian, jubilatuentzat mokadutxoa izango da.
SANTA AGEDA BEZPERAKO EGITARAUA GOIERRIN
- Beasain. 18:30. Kantu jirako taldekoak kopla kantari, kalean.
- Ezkio. 11:30ean Argindegi ostatuan elkartu eta pintxoa jan ondoren, kantatzen hasiko dira, Imanol Insausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariek lagunduta. Santa Lutzian ere egingo dute erronda. Topan bukatuko dute eta bertan bazkalduko dute.
- Gabiria. Egun osoan zehar, Osinalde elkarteko taldea, kantu eskean eta herriko bertsolariekin kopla kantari ibiliko dira, baserriz baserri. Balentzategi herri eskolako haurrak eta gurasoak, goizean, kaskoko etxeetan kantari.
- Idiazabal. 16:30. Santa Agedako koplak abestuz erronda, Kantu Jira taldearekin.
- Itsaso. 2023 errepasoa koplen, argazkien eta irudien bitartez, 13:00etan Ostatuko jangelan.
- Legazpi. 19:00. Santikutz abesbatza kantuan, kalean.
- Legorreta. 13:00. Elekun abesbatzarekin Santa Ageda bezperako koplak kantatzea, plazan.
- Ordizia. Arratsaldean: Larrunarri elkarteko abesbatzaren kantu jira herrian zehar, Santa Agedaren omenezko koplak abestuz. Aurretik Zaharren Egoitzara bisita. Antolatzailea: Larrunarri Elkarteko Abesbatza.
- Ormaiztegi. 17:30ean, kopla kantaldiaren entsegua, udaletxe azpiko lokalean. 18:00etan abiatuko dira.
- Segura. 09:30ean, Elorripetik irteera, Jon Iturrioz eta Eneko Araiztegi koplari, herriko trikitilari eta panderojoleekin. 12:45ean, salda beroa eta mokadutxoa, plazan.
Urretxu eta Zumarraga. Goiargi abesbatzarekin Santa Ageda erronda, 19:00etan abiatuko da txistulariekin batera, Zumarragako plazatik eta kaleetan kantari ibili ondoren, Hirukia taberna parean bukatuko dute. - Zegama. Santa eskea 18:30ean igerileku paretik irtenda. Ondoren luntxa izango da ostatuan.
- Zerain. 09:30ean kopla kantuan eta eskean aterako dira Uharka abesbatza, ZerainLab eta Liztormendi elkarteko taldea. Irteera, plazatik. Bi multzotan: bat Barbaritik eta bestea Aizpetik hasiko da. Bazkal garairako, kaskoan. Bazkaria Ostatuan. Bildutako diruaren erdia Liztormendi elkartearentzat da, eta beste erdia ZerainLabentzat, urteko ekimenetarako.