Xabi Agirrek irabazi du Idiazabalgo txirrindulari lasterketa
Bigarren postuan Ioritz Imaz sailkatu da eta hirugarrenean Josu Urrestarazu
Idiazabaldarrak San Blas jaietako egun handia ospatzen ari dira. Gaur goizean, ohitura zaharrari jarraituz, erroskila bedeinkazioa eta meza egin dituzte. Baita txirrindulari lasterketa ere. Helduen lasterketan 32 txirrindularik parte hartu dute eta Xabi Agirre nagusitu da. Iaz ere berak irabazi zuen.
Bigarren postuan Ioritz Imaz sailkatu da eta hirugarrenean Josu Urrestarazu. Esprint berezien saria Ander Bigurik irabazi du, mendiko saria Jon Azurmendik, Ampo saria Joseba Escuderok, gazteenari dagokiona Julen Balerdik, beteranoenari dagokiona Xabier Intxaustik, lehiakorrenari dagokiona Unai Santosek eta azkenari dagokiona Xabier Sanchezek. Neska bakar batek parte hartu du, Ainhoa Marquinezek, eta berak ere txapela, maillota eta kopa eraman ditu etxera. Aurtengoa 35. edizioa izan da eta Xabier Intxaustiri sari berezia eman diote edizio guztietan parte hartu duelako.
Haurren lasterketari dagokionez, 7-8 urtekoen artean, lehen hiru neskak Leizadi Zumalde, Elene Elio eta Maren Urkia izan dira eta lehen hiru mutilak Danel Maiztegi, Aratz Mendizabal eta Xuban Barandiaran. 9-10 urtekoen artean, lehen hiru neskak Aiora Alberdi, Irati Urteaga eta Elene Dorronsoro izan dira eta lehen hiru mutilak Oier Galparsoro, Irai Ziani eta Ibai Iparragirre. 11 eta 12 urtekoen artean, lehen hiru neskak Jone Galparsoro, June Iparragirre eta Ariane Herzog izan dira eta lehen hiru mutilak Lizar Erguin, Ekhi Barandiaran eta Unai Larrea. Bukatzeko, 13 eta 14 urtekoen artean, lehen hiru neskak Haizea Erguin, Izar Etxezarreta eta June Iriondo izan dira. Bi mutilek parte hartu dute: Xeber Muruak eta Unax Mujikak.
Sariak banatzen ari ziren bitartean, agintariek soka dantza egin dute. Ondoren, paella jana egin dute.
17:15ean pilota partidak jokatuko dira, 19:00etan kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte pilotaleku zaharrean eta Oilar Beltzak trikitilari taldeak herriko kaleetan joko du, 20:30ean helduen danborrada hasiko da eta 23:30ean Itzal taldeak frontoi zaharrean joko du.
Festak bihar (igandea) amaituko dira, San Blas Txiki egunarekin. 11:00etan hamaiketakoa egingo dute bertsolariek girotuta, 12:30ean euskal dantza emanaldia izango da pilotalekuan, 16:30ean pilota eskolako haurrek pilota jaialdia egingo dute, 17:00etan Santa Ageda bezperako koplak abestuko dituzte, 18:30etik aurrera Segurako talogileek egindako taloak jateko aukera izango da, 19:00etan Amatitan mariatxi taldeak kontzertua egingo du plazan eta 20:30ean axaria igoko dute.