Beasaingo zaindariaren eguna iruditan
Lemniskata Goierriko zientzia elkartea eta Aitor Buendia kazetaria ohorezko kofradiakide izendatu dituzte Beasaingo Odolkiaren Kofradiaren 37. kapituluan.
Herriko zaindariaren eguna ospatzen ari dira gaur Beasainen, Loinazko San Martin eguna baita. Egun osoko egitaraua izango da. Nabarmentzekoa, Beasaingo Odolkiaren Kofradiak 37. kapitulua ospatu duela. Euskal Herriko eta kanpoko kofradiak gonbidatu dituzte urteko egun garrantzitsuena duten honetan. Goizean goiz, Igartza jauregian elkartu dira gonbitari erantzun dioten 20tik gora kofradiatako ordezkariak, eta handik, txistulariekin eta musika bandarekin batera, kalejiran abiatu dira herrigunerantz. Loinazko San Martinen irudiaren aurrean egin dute etena. Ohorezko aurreskua dantzatu diote dantzariek, eta Martin Urkiolak, Beasaingo Kofradiaren eta bertaratu diren guztien izenean, lore sorta eskaini dio. Ondoren, Andre Mari Zeruratuaren elizan izan den mezarako bidea hartu dute.
Elizkizunaren ondoren, Loinazko San Martin plazan egin dute ekitaldi nagusia. Bertan, ohorezko kofradiakideak izendatu dituzte. Lemniskata Goierriko zientzia elkartea eta Aitor Buendia kazetari eibartarra izan dira aukeratuak. Plazan elkartu diren guztien aurrean, euren esker ona adierazi duten eguneko gonbidatu bereziek eta bertako produktuari, odolkiari, gorazarre egin diote. Amaitzeko, familia argazkia atera dute, eta jarraian, Kaxolako Iker Markinezek prestatutako bazkari goxoaz gozatu ahal izan dute.