Errepide zaharrean sortzen ari dira orain auto ilarak
Gasteizko noranzkoan dauden autoei Donostiara bidea hartzeko aukera eman die Ertzaintzak, eta Legorretako eta Itsasondon, errepide zaharrean, ari dira orain auto ilarak sortzen.
Egun nahasia izaten ari da erabat N-1 errepidean. Bi kamioiren arteko istripua izan da eguerdian partean Itsasondo eta Ordizia artean, Gasteizko noranzkoan, eta auto pilaketa handiak izan dira. Bi gidariak ospitalera eraman behar izan dituzte.
Errepideko erdibitzailea kenduta, ilaran zeuden autoei Donostiarako noranzkoa hartzeko agindua eman die Ertzaintzak, eta auto askok eta askok Legorretan utzi dute N-1 errepidea kamino zaharrean sartzeko. Orain bide horretan ari dira auto ilarak sortzen, Legorretan eta Itsasondon.
Abiadura motelean bada ere, autoak aurrerantz doaz, eta ez daude geldi. Alegia eta Ikaztegietan aldetik ere auto asko ari dira Legorretara iristen.