Goierriko bi ekoizle Euskal Esnekigileen Elkarte sortu berrian
Olaberriko Etxeberriko Goikoa eta Mutiloako Telleria Gaztak daude Euskal Autonomia Erkidego mailan sortu den 29 ekoizleko elkartean.
Santa Ageda egunez, 2024ko otsailaren 5ean, sortu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 29 ekoizlek Euskal Esnegileen Elkartea, sektorea indartu eta esnekien kontsumoari bultzada emateko. Ekoizle horietatik guztietatik bi dira Goierrikoak: Olaberriko Etxeberri Goikoa baserria eta Mutiloako Telleria Gaztak.
Elkartea esnegile, gaztagile eta jogurgileen apustu bateratua da, gazta onduak, freskoak, jogurtak, esne pasteurizatua, gurina eta abar ekoizten eta eraldatzen lan egiten duten artzainak, behizainak, ahuntzainak eta transformatzaileak batzen dituena.
Guztira, 105etik gora produktu
Gaur egun elkarteak barne hartzen dituen kide horien artetik zazpik ardi-esnea ekoizten dute, hamabostek behi-esnea eta zortzik ahuntz-esnea. Eta produktu hori eraldatuz, produktuak egitea lortzen dute; hogeik gazta ondua; hamabostek gazta freskoa; 11k gazta urdina; hamahiruk gazta laktikoa; zazpik pasta biguneko gazta; bederatzik esne pasteurizatua; bik gurina; hiruk mamia; hamalauk jogurta; hiruk izozkia; zazpik, kremak; eta batek, gaztanbera.
Guztira, 105etik gora produktu ekoizten dituzte. Batzuk euren esne propioa erabilita, eta hirugarrenen esnea erosi eta eraldatuta besteek, euskal jatorrikoa betiere. Elkartearen ateak zabalik daude interesa izan dezaketen ekoizle eta eraldatzaileak batu daitezen.
Elkartea sortzeko emandako pausoak
Bost ekoizlek sustatutako ekimenetik jaio zen elkartea 2023an, bakoitzaren berezitasun eta izaera babestu eta, aldi berean, lehendabizikoz sektorea bilduko duen erakundea sortzeko beharrari erantzuteko. Sektoreko ekoizleekin batzartu, bilerak egin eta eman beharreko pausoak zehaztu zituzten. Ikaragarri hazi da orduz geroztik.
Gauzak horrela, elkarte aitzindaria da, hiru abeltzaintza-espezieen esneki eta esne mota guztiak ekoizten eta eraldatzen lan egiten duten euskal profesionalak elkartzen baititu lehen aldiz.
Etorkizunerako helburuak
Esnekigileei laguntzeaz gain, elkartekideek kontsumitzaileei ere helarazi nahi diete burututako lanaren emaitza; produktuaren eskaintza anitza, osasungarria eta bertako dibertsitatea babesteko giltzarria ere badena. Lehen sektoreak gizarte osoarentzako onuragarria den lana burutzen du, eta hori da erakutsi nahi dutena.
Horixe izango dute 2024ko helburua: sektorearen eta bertakoaren alde eginiko lana ezagutzera ematea, dibertsifikazioa ardatz eta indargune dituztelarik. Eta horrela, aldi berean, ekoizle guztien lana desberdina izanda ere ere, erakunde eta kontsumitzaileen aurrean batasuna adieraztea.
Halaber, elkarteak sektoreko profesionalen interesak ordezkatuko eta gauzatuko ditu administrazioaren aurrean eta osasun-agintaritza eskudunekin koordinatzeko bitartekaritza eskainiko du. Kolektiboaren prestakuntza beharrak kudeatzeko plataforma gisa funtzionatuko du, elkartekideen garapen tekniko zein enpresarialerako baldintzak hobetzeko lan eginez. Sektoreak izan ditzakeen gabeziak antzeman eta denen indarrez bideratu nahi dituzte, funtsean.
Bestalde, gizarteari jakinaraziko diote zein diren bere negozio ereduaren bereizgarriak, euskal esnekien inguruko ezagutza ere sustatuz, eta horiek kontsumitzeak dakartzan onurak zabalduz eta defendatuz.
Euskal esnekigileen lana ezagutarazten laguntzeko webgunea ere sortu dute, etorkizunean bertako kide izan nahi dutenek eta gehiago jakiteko interesa duen orok eskura izan dezaten: www.esnekigileak.eus.