Iñigo Legorburuk irabazi du Florentino Goiburu bertso paper lehiaketa
Idiazabalgo lanen artean lehendabiziko saria Aloña Galarragarentzat izan da. Helduen mailan 11 lan aurkeztu dira guztira. Iparragirre herri eskolako ikasleek 10 lan aurkeztu dituzte lehiaketatik kanpo.
Idiazabalen bertso zaletasuna sustatzeko batetik, eta Florentino Goiburu bertsolaria omentzeko bestetik, Florentino Goibururen omenezko I. Bertsopaper lehiaketa antolatu du Idiazabalgo bertso elkarteak. Atzo goizean egin zuten sari banaketa ekitaldia Iban Urdangarin eta Oihana Iguaranen bertso saioaren ondotik. Iñigo Legorburu izan da lehen edizio honetako irabazlea. Beretzat izan dira lehendabiziko bi sariak. Idiazabaldarren artean Aloña Galarragaren bertsoak izan dira onenak. Helduen sailean, guztira 11 lan aurkeztu dituzte.
Aita Iparragirre herri eskolako ikasleek ere hartu dute parte, lehiaketatik kanpo bada ere. LH 5. eta 6. mailetako ikasleek 10 lan aurkeztu dituzte, taldeka banatuta. Atzoko sari banaketa ekitaldian 50 bat haur igo ziren oholtza gainera aurkeztutako bertsoak abestera.