Merkataritzan euskara zabal dadin, kanpaina abiarazi dute Lazkaon
Lazkaok bat egin du ‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoarekin. Dendetan, tabernetan eta saltokietan ikur bereizgarri bat jarriko dute, bezeroek euskaraz egin dezaten bultzatzeko. Erabilera ugaritzea da helburua.
“Lazkaon euskara ezagutza altua da, erabileran justu samar gabiltza». Herren horretatik abiatuta, Euskaraz barra-barra kanpainarekin bat egin, eta euskara bultzatzeko makulua eskainiko dute Lazkaon. Herriko merkataritza nahiz ostalaritza establezimenduetan, euskararen presentzia eta erabilera handitzea lortu nahi da, «ziurgabetasunak eragiten duen egoera deserosoa» gaindituta. «Aurrean dugunak ulertuko ez ote digun beldurra, egoera deserosoak eta liskartsuak ekidin nahian», denden eta tabernen atean ikur bereizgarri bat itsatsiko dute.
Euskaraz aritzeko eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna dutenak identifikatuko ditu itsasgarri horrek, eta bezeroei euskaraz egiteko gonbita egingo die. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean ondutako egitasmoa da Euskaraz barra-barra.
Ikur hori jartzen duen establezimenduak betebehar batzuk ere hartuko ditu bere gain. Une oro euskaraz dakien edo ulertuko duen langile bat egon beharko da. Markaren irudi berarekin identifikatuta egongo da.