Murumendin hasi du urtea Aita Iparragirre eskolako mendi taldeak
Aita Iparragirre herri eskolako 54 bat laguneko taldeak eman dio hasiera 2024ko mendi irteeren egutegiari. Murumendi “inguru magikora” egin zuten urteko lehendabiziko irteera, pasa den urtarrilaren 21ean.
Mandubiatik abiatuta San Gregorio ermitatik aurrera Larrarteko gainera egin zuten mendizaleek. Larrarte atzean utzita Mariren eserleku diren Atxipiko haitzetara jarraitu zuten. Handik Murumendiko gainera igo eta beherakoan Damazulo bisitatu zuten. Zulotik kanporako bidean inork ez zion bizkarrik eman Mariri, eta denek egin zuten atzeraka bidea.
Inguru ederraz eta giro magikoaz gozatzeko aukera izan zutela esan dute mendi taldeko kideek. Hurrengo irteera otsailaren 18an izango da Altzoko Otsabiora.