Betaurrekoak Senegalera, Goierritik
Mikel Porto eibartarrak duela hiru urte jarri zuen abian Hazte Visible ekimena, betaurrekoak bildu eta Senegalera bidaltzeko, Baobab elkartearekin. Gaur goizean, Goierri behean bildutako 1.000 inguru betaurreko jaso dituzte ekimeneko kideek, Zuhaiztin.
Orain dela hiru bat urte, Hazte Visible izeneko ekimena jarri zuen martxan Mikel Porto eibartarrak Baobab elkartearekin lankidetzan, helburu zehatz batekin: erabili gabeko edo baztertutako ahalik eta betaurreko gehien biltzea, ondoren Senegalera bidaltzeko. Lehenengo kanpaina hartan 1.000 betaurreko inguru lortu zituzten. Harrezkero urtero antolatu dute, eta aurten, Goierriko jubilatuen eta pentsiodunen elkarteetara ere jo dute bilketarako, Agijupens erretiratu eta pentsiodunen gizarte zentroen Gipuzkoako elkartearekin elkarlanean. Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat udalerritan egindako bilketari esker, Senegalera 6.000 bat betaurreko bidaliko dituztela aurreikusi dute.
Goierrin, herriz herri egin dute bilketa, Ordiziako, Beasaingo, Segurako, Zeraingo, Ormaiztegiko, Zegamako, Idiazabalgo, Legazpiko, Zumarragako, Urretxuko, Lazkaoko, Ataungo eta Legorretako jubilatuen zentroetan. Goierri beheko zentroetatik lortutako betaurrekoz betetako kaxak Ordiziako Zuhaizti zentrora eraman zituzten. Horiek bakarrik kontuan hartuta, 1.000 bat betaurreko biltzea lortu dute.
Gaur goizean Hazte Visibleko Mikel Porto eta Javier Markinak jaso dituzte kaxak, Raquel Bravo Zuhaiztiko presidentearen eta Amalia Torre Zuhaiztiko kidearen laguntzarekin. Goierri garaikoak ere gaur jaso dituzte, Legazpin, Zumarragako, Legazpiko eta Urretxuko zentroetan bildutakoak.
Lehenengo kanpainatik azkenekora alde nabarmena izan dute kopuru aldetik, Portok azaldu duenez, ekimena geroz eta eragile eta elkarte gehiagotara iritsi delako. Pozik agertu da bilketarekin, “arrakastatsua” izan delako. Jarraipena beharrezkoa dela azpimarratu du, “betaurrekoak hondatzen joaten diren bitartean, erabiltzeko beharra ez delako amaitzen”.
Beste proiektu batzuk
Betaurrekoekin batera, beste proiektu batean bildutako eskola baterako ordenagailuak, mahaiak eta aulkiak eta ikasleentzako bizikletak bidaliko dituzte. Portok azaldu duen bezala, “ikasle bakoitzak eskolara joateko bizikleta bat izatea da ideia, kilometro asko egin behar dituztenez asko ez direlako joaten hamarka kilometro egin behar izaten dituztelako”. Helburua klasera joan daitezen sustatzea da.