Inklusioaren aterkiak Seguran egingo du hurrengo geldialdia, laster
Dagoeneko Ormaiztegitik, Urretxu eta Zumarragatik eta Beasaindik pasa da proiektua. Arteriak proiektua aurkeztuko du asteazkenean, kultur etxean. Lehenengo instalazioa Ormaiztegin egingo da.
Itziar de la Granja artista zegamarraren Inklusioaren aterkia proiektua Arteria Goierriko sormen lantegiak antolatutako 2. Arterialdiaren irabazleetako bat izan zen 2022an. «Harreman sozialak saretu eta bazterrean daudenentzako nolabaiteko aterki bat sortzea da helburua, bertan aterpe bat izan dezaten, transmisio moduetan sakondu eta elkarri begiratzeko beste modu bat bilatzeko», azaldu du lanari buruz De la Granjak.
Goierriko hainbat herritatik pasa da dagoeneko proiektua, eta bihar Seguran aurkeztuko dute proiektua. Inklusioaren aterkia proiektuak Euskal Herriko Unibertsitateak egin duen ikerketa batean du abiapuntua. Artista zegamarrak argitu duenez, baztertze arriskuan dauden taldeek jarduera artistikoaren parte izateko duten eskubideari buruzkoa da ikerketa lan hau. «Hainbat hausnarketa egiteko bidea eskaini zidan ikerketak eta horiei tiraka aterkiaren ideia irudikatzen hasi nintzen», esan du.
Hala, Goierriko herri ezberdinetako elkarte eta eragile desberdinen artean elkarlanean eskultura komunitario bat sortzea da helburua. «Zumezko aterki bat izango da, zortzi hirukiz osatuta eta habia izeneko teknikarekin eginda. Zumea harilkatuz korapiloak egiten joango gara, gizartearen aniztasunaren ispilu. Aniztasun horren adierazgarri, kolore ezberdinetako zumeak erabiliko ditugu», dio.
Ormaiztegin jarriko dute
Lehenengo zatia Ormaiztegin osatu zuten ekainean, Ekain Kulturalaren egitarauren baitan. Bigarren saioa Beasainen burutu zuten, urrian Herriko elkarteen egunean eta hirugarrena, Urretxun eta Zumarragan, abenduan, Santa Lutzi egunean. Hurrengo geltokia Seguran izango du eta asteazkenean proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte Arteriako ordezkariek kultur etxean, 18:00etan. Segurako elkarte eta norbanakoei aurkezpenera joateko deia luzatu diete.
Behin zortzi hirukiak eginda Ormaiztegin egingo dute aterkiaren lehendabiziko instalazioa. Udal gehiagok interesa agertuko balute, baliteke aterkia herriz herri mugitzea.