Xepeiño Agirre bolari segurarra hil da
Gaixotasun bortitz baten ondorioz zendu da, gaur, 83 urterekin. Bola txapeldun handia izan zen, eta kirol hori mantentzeko langile porrokatua.
Segurako Xepeiño Agirre bolaria gaur hil da, 83 urterekin. Minbizi bortitz bat diagnostikatu zioten orain gutxi. Gaur, heriotzaren berri jakin orduko, Gipuzkoako bolari elkarteek samina eta doluminak adierazi dituzte.
Beste hainbat arloren zalea ere bazen, baina bolari eskaini zion arreta berezia Agirrek. Txapel ugari lortu zituen, Euskadikok eta Gipuzkoakoak makina bat aldiz, bai banaka, bai semeekin, ilobekin edo klubeko kideekin bikotea osatuta, bai Segurako Txoritegi taldearekin.
Bolatearen alde langile nekaezina eta konstantea izan zen, bestetik. Gipuzkoako federazioan urte askoan izan zen zuzendaritza batzordeko partaide. Bestetik, bere jaioterrian bola lehiaketak antolatzeaz gain, herriko bolatokien eta inguruko herri askotako bolatokien mantenuaz ere arduratzen zen: Seguran, Mutiloan, Olaberrian…
Lagunarte umoretsuen zalea (bertsolaritza asko gustatzen zitzaion, eta bertsotan jardundakoa ere bazen), kirol arloan zorroztasun erabatekoz gauzatzen zuen bere lana, bai bolari modura, bai antolatzaile modura. Herri kirolak ere oso gogoko zituen. Trontzak edo arpanak zorrozten espezialista bihurtu zen, Goierriko herri kirol talde askorentzat.
Patxada eta kontzentrazio bereziko bolaria zen. Horren adierazle, 2018ko maiatzaren 31n egin zuena, 79 urterekin: 300 tiralditako marka ezarri zuen. Ordubete, 54 minutu eta 31 segundoan, 1.780 birla bota zituen. Hutsik egin gabe, tiraldiko bataz beste 5,933 birlako jokoa lortu zuen. 2004an ere beste marka bat jarri zuen: ordubetean 231 aldiz bota bola, eta 1.336 birla lurreratu.
Hileta elizkizuna bihar, asteartea, 19:00etan izango da Segurako Andre Mari elizan.
Goierritarra hamabostekariak elkarrizketa egin zion 2004ko urrian.