Mutiloak 668.590 euroko aurrekontua izango du 2024an
Errotatxo egokitzeko inbertsioak egiten jarraituko dute, eta langile bat ere kontratatu du udalak hura kudeatzeko. Herri eta mendi bideetan konponketak egingo dituzte.
Mutiloako Udalak 668.590 euroko aurrekontua izango du 2024an, —iaz baino 10.030 euro gehiago—. Hala onartu zuten, pasa den urtarrilaren 24an egindako ohiko osoko bilkuran. Bezperan, herritarren aurrean aurkeztu zituzten aurrekontuak. Bide batez, 2023an burututako inbertsio esanguratsuenen balorazio bat ere egin zuten.
Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak aipatu duenez, aurrekontuaren zati handi bat «gastu finkoetan joaten da. Gero pusketa bat geratzen da inbertsioetarako».
Errotatxo eraikineko zenbait espazio egokitzeko 60.000 euro aurreikusi dituzte. «Dagoeneko hasita gaude eraikinari erabilera bat ematen, LurLab laborategietako saioak bertan egiten dira eta herriko talde batek ere bertan egiten ditu gimnasia saioak. Zerbait egiteko asmoa badaukagu baina oraindik ez dakigu zehazki zer», esan du. Langile bat ere kontratu du udalak Errotatxo kudeatzeko.
Herri bideen hobekuntza
Bide berdean hobekuntza lanak egingo dituzte (30.000 euro), «punturen batean bidea erorita dago». Era berean, baserri bideak konpontzeko beste 40.000 euro aurreikusi dituzte. Mendi publikoen mantenu lanetara beste 10.000 euro bideratuko dituzte, «hesiak jarri eta mantentze lanak egiteko».
Herrigunean hirigintza lanak egitea ere aurreikusita dago (70.000 euro): «Zelai alden irisgarritasuna bermatzeko espaloi bat txukunduko da. Errotatxo parean dagoen bide bat ere asfaltatuko da. Frontoi aurrean ere asfaltatze lanak egingo dira ostatua eta plaza frontoiarekin eta haur parkearekin lotzeko».
Jarduera fisikoa sustatzeko ekintzetarako ere beste 5.000 euro aurreikusi dituzte, «baina, baliteke gehiago izatea, diru laguntza bat eskatuta dago». Meatze gunean gaur egun dauden ibilbideak oinarri hartuta, «puntu berriak irekitzea aurreikusten dugu». Bide batez, bide horiek txukuntzeko ere baliatuko dituzte lan horiek.
Gastu finkoak goraka
Gastuen atalean, oinarrizko gastuek gora egin dutela adierazi du Ugaldek, «bizitzaren prezioak gora egiten duen neurri berean». Hala, pertsonal gastuak, eta gastu orokorrak, argiteria edo garbiketa lanei dagozkienak gora egin dute.
Beste atal batean, herrian antolatzen diren festa eta kultur jardueretarako hainbat partida ere aurreikusi dituzte. San Pedro jaietarako 21.000 euro eta Txerri azokarako beste 7.000 euro, batzuk aipatzearren.