Sindikatuek Osakidetzari buruz hitz egingo dute, 24/7 plataformak deituta
CCOO, ELA, LAB, Satse eta UGT sindikatuetako kideak gonbidatu dituzte. Mahai ingurua bihar izango da, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) berriro egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzearen alde sortu zen 24/7 plataformak Osakidetza maldan behera. Irtenbiderik ba al daukagu? mahai ingurua antolatu du biharko (asteazkena). Ekitaldian CCOO, ELA, LAB, Satse eta UGT sindikatuetako ordezkariek parte hartuko dute. Mahai ingurua 19:00etan egingo dute, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Herritarrei mahai ingurura joateko deia luzatu diete. “Egoera zaila bizi dugu, ez bakarrik Urretxun eta Zumarragan. EAG guztiak kentzen ari dira. Borroka latza dugu aurretik eta jarraitu beharra dugu. Izan ere, Osakidetza maldan behera doala ikusten dugu. Esperientzia txarren bat dugunean guri tokatu zaigula pentsa dezakegu, baina ingurukoekin hitz egiten dugunean ingurukoei ere hori gertatu zaiela jabetzen gara. Orokorra da”, diote plataformako kideek.
Goierri osoan EAG bakarra dagoela salatu dute. “Beasaingoa bakarrik dugu Goierri osorako. Nahikoa dela esaten digute, jende gutxi joaten delako. Nola joango zara Legazpitik edo Zumarragatik Beasainera 22:00-etan? Zumarragan ere EAG dugula esaten digute, baina hori ez da egia: hemen lehenengo arreta dugu. Zumarragako anbulatoriora larrialdi batekin joaten bazara, izugarri larria ez bada, Beasainera bidaltzen zaituzte. Hori dela eta, jendea ospitalera joaten da zuzenean».
Beasainen ere arazoak egon direla diote. “Gripe eta covid kasuen ugaltzea dela eta, Beasainera bidali dituzte. Eta hango EAG kolapsatuta egon da. Paziente batzuk hiru ordu egon dira itxaroten”.
Zenbait pertsona Beasaindik ospitalera bidali dituztela gehitu dute. “Zenbait kasutan, lehenengo Beasainera bidali dituzte eta ondoren Beasaindik ospitalera. Eta bidean galtzen duzun denbora, zer? Autorik ez duena, nola joan behar da Beasainera? Gizarte Segurantza ordaintzeaz gain, taxia ordaindu behar dugu, medikurik ez dagoela esateko gogoa dutelako. Medikurik ez dagoela? Noren errua da? Politikarien ardura da hori konpontzea. Zuzenean ospitalera joan gaitezke, bata tirita batekin eta bestea burua eskuan duela. Osasun sistema publikoaren alde gaudenok ezin dugu ospitalea kolapsatu. Bestalde, EAG berriro irekitzea lortzen badugu, jendea berriro anbulatoriora joateko kontzientziatu beharko dugu. Gure borroka denontzat da, e?”.
Plataformari esker hainbat gauza lortu direla diote. “Gizartearen mobilizazioari esker, asteburuetan 09:00etatik 21:00etara anbulatorioa zabalik dago, mediku eta guzti. Apur bat zaintzen ari dira, mobilizazioak daudelako. Gutxieneko errespetua erakutsi dute. Hori dela eta, oso garrantzitsua da mobilizazioekin jarraitzea. Hedabide publikoetan ageri ez den arren, beste herri batzuetan ere mobilizazio handiak egiten ari dira”.
Gabonetako egun batzuetan medikurik ez dela egon ere gogoratu dute. Osakidetza okerrera egiten ari dela uste dute eta horren berri emateko mahai ingurua antolatu dute. “Sindikatuek barruko egoera ezagutzen dute eta badakite zer datorkigun. Agintariek makroproiektuez hitz egiten dute, baina eraikin horiek gero hutsik egoten dira. Ospitalea handitzeko asmoa dute, baina zerbitzua da behar duguna, ez eraikina. Zerbitzua pribatizatzen ari dira”. 2020ra arte, anbulatorioan gauero mediku bat zegoela gehitu dute.
Bukatzeko, herritarrei mahai ingurura joateko deia luzatu diete. “Gertatzen ari dena jakitea oso garrantzitsua da. Beraz, jendea ekitaldira joatea nahi dugu. Hori espero dugu. Horregatik ausartu gara ekitaldia Zelai Arizti aretoan egitera”.
Inguruko herrietako bizilagunei ere joateko eskatu diete. “Ezkioko eta Legazpiko jendeari era joateko eskatu nahi diet. Beraien babesa behar dugu. Egiten ari garena guztiontzat da”, amaitu dute.