Zumarragako gizarteratzeko enpresak 21 lanpostu sortu ditu
Kontratatu dituzten guztiak emakumezkoak dira. Aurki estimulazio kognitiboaren esparruan lan egiten hasiko dira. Aurten bertan 25-30 langilera heltzea espero dute.
Zu Mas Zaindu Zumarragako Piedad kaleko gizarteratzeko enpresak 21 lanpostu sortu ditu martxan jarri zenetik. Enpresa hori Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak jarri zuen martxan, Zumarragako Udalaren laguntzarekin.
Mikel Serrano alkateak eta Astrid Lopez de la Serna fundazioko kudeatzaileak prentsaurrekoa egin dute gaur orain arte egindako lana ezagutzera emateko. Ekitaldian Teresa Hernandez fundazioko kudeatzaileak, Izaskun Zabalo Zu Mas Zainduko kudeatzaileak eta Rosa Maiza eta Arantxa Gonzalez zinegotziek ere parte hartu dute.
Serranok oso proiektu garrantzitsua dela esan du. “Enplegu soziala bultzatuko zuen gizarteratze enpresa baten beharra ikusi genuen, langabetuen %70 kualifikazio baxukoak baitziren. Federazioak jakintza jarri zuen eta guk lokala. Hasieran, Urolako geltoki zaharrean pentsatu genuen, baina azkenean lokal hau hartu genuen erdigunean dagoelako”.
Bertan, langabetuei formazioa eta lana eskaintzen diete. Batez ere, 45 urtetik gorakoei eta kualifikazio baxua dutenei. 21 lanpostu sortu dituzte bi urte baino gutxiagotan.
Bai Serranok eta bai Lopez de la Sernak arlo publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazioa azpimarratu dute. Aldundiari eta Lanbideri eskerrak eman dizkiete.
De la Sernak Fundazioaren jatorriaren berri eman du. “Siderurgia enpresak itxi zirenean sortu zen, langabezian gelditu zirenei laguntzeko. Esperientzia dugu. Batzuk laguntza handia dute eta enpresak sortu izan ditugu horiei laguntzeko. Zumarragan, langabetuen profila aztertu genuen eta gizarte arloan lan egin zezaketela ikusi genuen: etxez etxeko laguntza, konpainia, estimulazio kognitiboa… 2022ko maiatzean ekin genion baztertze arriskuan zeuden pertsonak kontratatzeari. Oso pozik gaude, Zu Mas Zaindun 21 pertsona baititugu lanean eta bezero batzuk langile gehiago eskatu baitizkigute. Lortuko dizkiegu, noski. Guztiak emakumezkoak dira eta kalitatezko enplegua lortu dute. Kualifikazio baxua zuten eta formazioa eskaini diegu. Aurki estimulazio kognitiboaren alorrean lan egiten hasiko gara eta urte amaierarako 25-30 langile izatea espero dugu. Izaskun Zabalo lan bikaina ari da egiten”.