«Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut»
Erika Gonzalez Garcia (Lazkao, 1979) EHUko irakaslea izan zen, harik eta 2006an Australiarako bidea hartu zuen arte. Sidneyn doktoratu zen, eta Melbourneko RMIT unibertsitateko irakasle asoziatua eta itzulpengintza arloko zuzendaria da gaur egun.
Aurten jaioterrian eman dituzu Gabonak…
Azkena, 2005ean egon nintzen Euskal Herrian Eguberriak igarotzen. Hala ere, ez ditut hamasei urte eman etxera etorri gabe! Bi urtez behin etorri izan naiz hona. Ezin urtero ere etorri, hegaldia ikaragarri luzea eta garestia delako; are garestiagoa, seme-alabak tarifa osoa ordaintzeko adinera iritsi direnean. Gabonetan, gainera, orduan eta garestiago dira hegaldiak, eta gu etorri beharrean gurasoak joan ohi ziren Australiara, hango uda sasoian. Eta, gainera, hango Gabona errazagoa da, askoz festa gutxiago egiten da eta egunak hondartzan eman ohi ditugu lasai, hainbeste bazkari-afari gabe! Azkeneko urte honetan bitan egon naiz ordea! Batean, udan, eta bestean, Gabonetan. Antartidako Ituneko bileretan aritzen diren interpreteetako bat naiz eta bilerak Europan egiten direnean, laneko aitzakia dut herrira bisitan etortzeko. Lehengo urtean Helsinkin izan ziren Ituneko bilerak.
Hangoak hona, hemengoak hara… harremanetan zarete beti, beraz.
Bai. Horrela izan da urte hauetan guztietan, pandemia garaian izan ezik. Hura oso gogorra izan zen, herrialdea hermetikoki itxita egon zelako. Inor ezin zen sartu, ez atera. Edo ateratzekotan, agiri bereziak behar ziren, gobernuak sinatutakoak. Esate baterako, bagenuen bizilagun bat, Alemaniakoa, ama gaixorik zuena. Birritan eskatu zuen Alemaniara joateko baimena. Ukatu egiten zioten. Azkenean, baimena eman ziotenerako, hila zen ama. Pandemia garai hartan, Australiatik ateraz gero, hiru hilabete egin behar zenituen kanpoan. 2020 eta 2021 urteak oso gogorrak izan ziren.
Hemen zabaldu zenez, Australian izan zen herri edo hiri bat, birus kasu bat antzeman eta populazio osoari erabateko isolamendua agindu ziona.
Perth hirian egin zuten hori. Isolamendu gogorra bizi izan genuen Australian. Lagunak ditut Buenos Airesen, eta, aldi batean, hiri hura izan zen isolamenduan egun gehien zeramatzan hiria. Laster, aurrea hartu zion Melbournek. Hantxe bizi gara gu, eta kaleetan poliziak eta militarrak izan genituen patruilatzen, eta, gero, binaka-eta irteteko baimena eman zigutenean, kalean poliziak-eta modu hartara ikusi, eta ikara moduko bat ematen zuen. Benetako polizia-errepresioa bizi izan duten lurraldeetatik datozenentzat hura gogorra izan zen. Errefuxiatu eta etorkin askorentzat, Australiara bake bila etorri eta kalean halako polizia-presentzia ikustea zaila izan zen… Oso itxialdi zorrotza izan zen, Victoria Estatuko gobernuaren erronka nagusia denok osasuntsu eta bizirik mantentzea izan bazen ere.
Nola asmatu duzu zeure burua Australiako giro eta bizimodura egokitzen?
Denok gara ezberdinak. Hazi eta hezi garen lekukoak gara, eta uste dut dena delako leku horrek mundua modu jakin batean ikustera bultzatzen gaituela. Australiakoa, hala ere, ez da kultura bakar bat, hainbat kultura bizi dira han bata bestearen ondoan. Ezin dugu ahaztu, era berean, bertako aborigenek 60.000 urte daramatzatela kontinentean eta euren kultura eta tradizioak ere hor daudela. Australia arrazakeriak markatutako lurraldea izan da. Ingelesez esaera bat badugu: “Australia zuriak iragan beltza du”. Egun, nazio kultur-anitz eta aberatsa dugun arren, eta sozialki orokorrean kohesio polita dagoen arren, beti ez da horrela izan. Horrekin batera, arazo handiak gainditzeke daude oraindik.
Elkarrizketa osoa Argia.eus webgunean.