Abentura eta Bidaia Astea, abenturazaleen eta erronkazaleen topaleku
Emaneurrek Abentura eta Bidaia Astea antolatu du lehendabiziko aldiz. Otsailaren 26tik 29ra izango da. "Euskarazko edukiak eta aisia eskainiko dituen tokia" izatea ere dute helburu.
Emaneurre Taldeak abentura berri bati ekin dio. Lehendabiziko aldiz, Abentura eta Bidaia Astea antolatu du, otsailaren azkeneko asterako. Otsailaren 26tik 29ra izango da, lau egunez. Egun bakoitzean ikus-entzunezko bat emango dute, D’elikatuz-en, eta solasaldirako tartea ere egongo da gero, protagonistekin. Sarrera librea izango da.
Emaneurrek azaldu duenez, “Euskal Herritik mundura eta mundutik Euskal Herrira ekarritako bizipenak, erronka zaharrak, bide berriak eta utzitako arrastoak” plazaratuko dituzte. Herrialde ezberdinetan bizitako erronka pertsonal eta kolektiboak, kulturartekotasuna, hizkuntza gutxituak…emango dituzte ezagutzera. Abenturazaleen eta erronkazaleen topalekua izatea nahi dute, baina Emaneurreren helburuekin bat eginez, “geroz eta urriagoak diren euskarazko edukiak eta aisia eskainiko dituen tokia” izatea ere dute xede.
Hauek dira emanaldiak:
-Otsailaren 26an, 19:30ean. Biziz proiektua.
Jon Rodriguez ordiziarraren eta Pello Alberdi hernaniarraren urtebete inguruko bidaia biltzen du. Ikasketak amaituta, Hegoafrikatik Euskal Herrirako bidaia egin zuten bizikletarekin. Esperientzia asko bizi eta jende asko ezagutzeaz gain, Gobernuz Kanpoko hainbat Erakunde bisitatu zituzten ibilbidean. 2021eko irailean ekin zioten abenturari. Bidean, Biziz blogean kontatu zituzten bizitakoak. Rodriguez zein Alberdi izango dira tertulian.
-Otsailak 27, 18:30ean. Bideak Zabaltzen.
Jordaniar eta arabiar desertuetan sei eskalatzailek bizitako abentura jasotzen du dokumentalak. Hareharrizko paretetan eskalada bide berriak irekitzea izan zuten helburu. Wadi Rum desertutik hasita, arabiar desertura gurutzatu nahi izan zuten bide berriak zabaltzen jarraitzeko. 300 metro arteko 12 bide berri zabaldu zituzten sei emakumeren abentura kontatzen du. Haietako bi, Maialen Rojo eta Amaia Segurola, emanaldian izango dira.
-Otsailak 28, 19:30ean. Itzuli.
Jokin Muñoz ordiziarrak Iberiari Penintsulari itzulia eman zion belaontzian. Oriotik abiatu eta hiru itsasotan nabigatu zuen, Midi kanaletik berriz ere Kantauri Itsasora iritsi arte. Hiru hilabetez bizi izandako abenturak kontatuko ditu Muñozek D’elikatuzen.
-Otsailak 29, 19:30ean. Arrastoan.
1974an, sei lagunez osatutako talde batek Laponia gurutzatu zuen alderik alde. Tartean zeuden David Hernandez, Jose Luis Lekuona Gorri, Antxon Bandres eta Mikel Zabalza tolosarrak. 2018an, berriz, aurrekoek irekitako bideari segika, Iker Iriartek, Pablo Dendaluzek, Aitor Ossak eta Josu Iztuetak Laponiara bidaiatu zuten, eta han egindako eski-zeharkaldiaren kontakizuna da D’elikatuzen aurkeztuko dutena. Bertan grabatutako irudiekin, artxiboko materialarekin eta elkarrizketa eguneratuekin ondu duten 45 minutuko ikus-entzunezkoa da Arrastoan. Josu Iztuetak eta Iker Iriartek kontatuko dituzte bidaiaren nondik norakoak.
Bideoa: Emaneurre