Adinekoen etxeetan suteak prebenitzeko zerbitzua berriro martxan
Azken Gobernu Batzordean, zerbitzu hori emateko kontratazioa burutzeko baldintzak onartu dituzte. Udalaren helburua da, adineko pertsonen segurtasuna eta ongizatea bermatzea.
Etxebizitzetan suteak prebenitzeko eta adineko pertsonen arriskuak eta beharrak antzemateko zerbitzua kontratatzeko pleguak ezarri ditu Beasaingo Udalak azken Gobernu Batzordean. Zerbitzu honen helburu nagusia da, udalerrian bakarrik dauden edota 80 urtetik gorako pertsonen egoera ezagutzea, haien gizarte premiak eta arrisku egoerak antzematea, beharrezko prestazioak eta gizarte zerbitzuak aktibatzea eta etxean suteak prebenitzeko ke detektagailuak instalatzea, suteei aurrea hartzeko eta etxeetako segurtasuna bermatzeko.
Biztanleriaren zahartzeak erronka gehigarriak dakartza. Beasaingo Udalak «proaktiboki» heldu nahi die erronka horiei, hala, adinekoen bizi kalitatea eta egunerokoa «hobetzeko» intentzioarekin. «Pertsonak zahartu ahala, bakarrik bizi direnak bereziki, hauskortasunaren eta arriskuaren adierazleak handitzen dira, eta horrek, eragin zuzena du haien bizi kalitatean».
Beasaingo Udalarentzat, pertsona horiek izan ditzaketen premia horiek «goiz detektatzea» eta gizarte zerbitzu egokiak ematea funtsezkoa» da adineko herritarren «ongizatea bermatzeko».
Testuinguru horretan, ke detektagailuek berebiziko garrantzia dute suteen prebentzioan. Udalak aitortu du arriskuak txikiagotzeko eta kolektibo kaltebera den hori babesteko behar diren laguntzak ematea garrantzitsua dela.
320 ke detektagailu
Azken lau urteotan, behar sozialak eta arriskuak detektatzeko eta suteak prebenitzeko zerbitzua eman du Beasaingo Udalak.Horrekin, herriko adineko pertsonekin bildu dira, haien egoera ezagutzeko eta sor litekeen edozein arazori irtenbidea bilatzeko.
Hala, 320 ke detektagailu ipini dira udalerriko 303 etxebizitzatan, eta segurtasun handiagoa eman da etxe horietan.
Udaletik iragarri dute, Beasainen bizi diren adinekoen segurtasuna eta ongizatea bermatzeko lanean jarraituko dutela, zerbitzuari jarraipena emanez.