Ataungo hizkeraren orainaz eta etorkizunaz hitzaldia egingo du Ataunikerrek gaur
Atauniker elkarteko Jexux Aizpuruak ‘Ataungo euskerea, kitto?’ hitzaldia egingo du, gaur iluntzean, Ataungo udaletxean. Bertako euskalkiaren galbideaz eta irtenbideez ariko da
Herrian herrikako euskara-moldeak gero eta berdinagoak diren kontua ez da berria. Uniformizazio prozesu bat ari da gertatzen, eta tokian tokiko hizkeren ukitu bereziak ez dira belaunaldi gazteenenganaino iristen ari. Goierri ere ez da salbuespena, eta bertako ezaugarri bereziengatik bereizi izan diren hizkerak galtzen ari dira; ez euskara agian, baina bai euskalkia.
Bilakaera horri buruz gogoeta egiteko, Atauniker kultur elkarteak hitzaldia antolatu du. Ataungo euskerea, kitto? gaia eta galdera mahai gaineratuta, Jexux Aizpurua ariko da hizlari, gaur 19:00etan, Ataungo udaletxeko batzar aretoan. «Gainbehera doa euskalkien kontua. Ez Ataunen kasuan bakarrik, beste herrialdeetan eta herrietan ere bai, herrikoa bertakoa galtzen ari da. Belaunaldien arabera, gure zaharragoen hizkera ikusi, gurea, gazteagoena, edo eskolakoena ikusi, eskailera nabarmena da», aurreratu du Aizpuruak.
Uniformizaziotik zerbait gorde ote litekeen ere badu kezka. Ataungo euskara non dagoen atzemango du gaurko hitzaldian lehenbizi, eta aurrera begira zer egin daitekeen proposatu ere bai, «euskara batuarengana ekarpenen bat egiteko» modurik den aztertzeko. «Ez dadila izan ‘bukatu da’ eta kito, belaunaldi hau bukatzen denean».
Jasotakoa nola zabaldu
Azterketa filologikorik ez duela egingo ere aurreratu du, nahiz eta Ataungo euskarari buruz idatzita dagoen bibliografia erabiliko duen. Ohartarazpen oihu bat ahots gora azaltzea da asmoa. «Esan beharra ago bertako hizkera galtzera doala, zeren, esaten ez bada, jendea ez da konturatzen. Gero, hori aintzakotzat hartzen den ala jendeak zer garrantzi ematen dion, beste kontu bat izango da».
Galera horretan hainbat arrazoi ikusi ditu. «Eskolan erakusten den hizkuntza, gurasoengandik datorren transmisioaren etena, famili motak aldatu izana… Lehen aitona-amonak eta osaba-izebak askotan etxe beraren bueltan bizi ziren, orain bestela da. Gizarteak aldaketa horiek ekarri ditu; hori naturala da, kontra ez dago ezer egiterik».
Lehenbizi, ordea, zer ondare dagoen jakitea ere bada helburua, Ataunikerren helburuekin bat etorriz. Ataundar hizlari zahar askoren grabazioak badaude –asko Ahotsak webgunean–, nahiz gehiago ere egin litezkeen oraindik. Jasota dagoenarekin, gaurko euskarari «osagarri modura» zer ekarpen egin dakiokeen ere jorratuko du Aizpuruak.