Bost kontalarik parte hartuko dute XII. Ipuinen narrazio lehiaketako sailkapen saioan, larunbatean
Tartean dago Urtzi Gorostiaga ataundarra. Yaima Orozco konpositore eta abeslari kubatarra izango da artista gonbidatua. Ane Gebara kontalari gasteiztarrak gidatuko du saioa.
Bost kontalarik parte hartuko dute Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren barruko XII. Ipuinen narrazio lehiaketako sailkapen saioan. Larunbatean izango da, Ordiziako D’elikatuz Gunean, 19:00etan.
Goierritar bakarrak parte hartuko du aurten. Urtzi Gorostiaga ataundarrarekin batera, Ester Poveda (Belauntza), Jokin Aldazabal (Tolosa), Iam Agorria (Amorebieta) eta Amaia Pagola (Tolosa) izango dira partaideak. Aurkeztutako ipuin edo istorioa narratuko dute epaimahaiaren eta publikoaren aurrean, eta ondoren, bost kontalarietatik hiru pasako dira finalera. Bi epaimahaiak aukeratuko ditu, eta bestea publikoak. Finala martxoaren 22an izango da, Barrenan, 19:00etan, Ahozkotasunaren Gala Nagusiarekin batera.
Larunbateko sailkapen saioa Ane Gebara kontalari gasteiztarrak gidatuko du, eta Yaima Orozco konpositore eta abeslari kubatarra izango da gonbidatua. Saio irekia da.