Kantuari gorazarre egingo diote 27. Iparra-Hegoa kultur astean
Martxoaren 4tik 10era burutuko da aurten Iparra-Hegoa. Aurretik eta ondoren ere izango da ekintzarik. Jatorduetarako txartelak eskuragarri daude Xaian eta Elorripen.
Kantuak badu pertsonen arteko kohesioan eragiteko eta herria, kultura edo identitatea eraikitzen laguntzeko halako ahalmen bat. Iparra-Hegoan kantuak beti izan du ohorezko leku bat, kanturik gabe ez baitago Iparra-Hegoarik. Bada, ideia hori oinarri hartuta antolatu dute 27. Iparra-Hegoa Kantoietatik Kantaurira kantua ari du lelopean.
Martxoaren 4tik 10era burutuko da aurten Iparra-Hegoa kultur asteko egitarauaren mardula. Baina, azken urteetan ohitura bihurtu denez, aurretik eta gero ere izango da hainbat proposamenez gozatzeko aukera. Asteburu honetan, esaterako, Iduzkilore antzerki taldeak Ihesi antzezlana taularatuko du Botikaxarren, 18:30ean. Sabina eta Marga, ihesi doazen bi emakumeren istorioa da Ihesi.
Aste nagusiaz kanpoko bigarren ekintza Urruñan (Lapurdi) izango da, otsailaren 23an. Kuxkuxtu txarangari buruzko dokumentala estreinatuko dute Xaia ostatuan, 19:00etan eta segurarrei bertara joateko gonbita luzatu diete Urruñako lagunek. Altzurükutarrak taldearen emanaldia ere Xaian izango da, martxoaren 1ean. Iparra-Hegoa kultur astea girotzen hasteko, berriz, Kuxkuxtu txarangarekin poteoa egingo dute Seguran, martxoaren 3an, eguerdian.
Bi aldeen arteko lotura
Kultur astearen baitan, Urruñako ikastolako eta Baionako Etxepare lizeoko ikasleen bisita izango dute Seguran. Bi hitzaldi ere antolatu dituzte, kantuaren bueltan: Kantua herri kohesiorako eta herri erresistentziarako eta Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko izenburupean. Korrika txikia eta Martxoaren 8aren baitako ekintzak ere sartu dituzte aurtengo egitarauaren baitan. Eta kantua noski, presente izango da kalean, mahairen bueltan eta elkarbizitza sustatzeko antolatu dituzten askotariko ekintzetan.
Ez dira faltako euskal kulturaren aldarriak, noski, dantza, musika eta gastronomiarekin edo kirolarekin lotutako hainbat ekitalditan. Igandean egingo den eta Euskal Herriko herrialdeen lotura sinbolizatzen duen Gereziondoko ekitaldiarekin joko du goia Iparra-Hegoak.
Dagoeneko, salgai daude herri bazkarirako, Gazte Egunerako edo bertso afarirako txartelak. Xaia ostatuan (Urruñan) edo Elorripen (Seguran) daude eskuragarri.
Egitaraua osorik ikusi hemen.