Kuxkuxtu: Iparra-Hegoaren arima
‘Kuxkuxtu: parean, ondoan, elkarrekin’ dokumentala estreinatuko dute otsailaren 23an. Iparra-Hegoaren baitako ekintzetako bat izango da; aurten iparraldean egingo den lehen ekintza izango da.
Kuxkuxtu: parean, ondoan, elkarrekin izeneko dokumentala egin du Arri Iraetak (Zumarraga, 2001). Otsailaren 23an estreinatuko dute Urruñako (Lapurdi) Xaia ostatuan, Iparra-Hegoako egitarauren baitan. Iparraldean egingo den lehendabizikoa izango da. Peio Aranzabal, Iparra-Hegoako antolatzailea, donostiarra da jaiotzez, baina Urruñan bizi da azken 23 urtean. Baionako Etxepare Lizeoko irakaslea da; hortik Iparra-Hegoarekin lotura. Kuxkuxtuk «militantziagatik» jotzen dutela jakin zuen unean bururatu zitzaion taldearen historia nolabait gorde beharra zegoela. «Kuxkuxtuko kideak zahartzen ari dira, 40 urte daramate jotzen. Etorkizun urrun batean ezagutzen dugun formatu hau edo aldatu edo desagertuko da. Jendeak Kuxkuxturen historia ezagutu beharra duela uste dut», dio.
Mondragon Unibertsitatearekin harremanetan jarri eta Iraetak segituan agertu zuen proiektuarekiko interesa «bera ere militantea eta musikaria delako».
Hutsuneak betetzen
Kantuak eta Kuxkuxtuk Iparra-Hegoarekin duten lotura eztabaida ezina da. Areago, «Kuxkuxtu Iparra-Hegoaren iturburua» dela dio Aranzabalek. «Prekarietatea nagusi den gure herri honetan horrelako gauzak sortzen dira zorionez. Euskara normalizatua balego, herri libre bat izango bagina, arraroa litzateke Kuxkuxtu bezalako talde bat sortzea. Gure prekarietate horrek badu aberastasun bat eta Kuxkuxtuk oso ondo islatzen du ideia hori, nola herri batek gaitasuna duen hutsuneak betetzeko gauzak sortzekoa», esan du.
Xaia ostatua zinema areto bihurtuko dute otsailaren 23an. Segurarrak gonbidatuta daude eta bertan izatea «espero» dute. Amaitzeko, dokumentala ikusita jatekoa eta edatekoa egongo da, baita Kuxkuxturekin kantuan aritzeko aukera ere, noski.