Zirika irratiko audio artxiboa digitalizatuko dute
Idiazabalgo Udalak jakitera eman duenez, Zirika irratiko audio artxiboa digitalizatzeko proiektua gauzatuko da 2024an zehar. Atzo, irratiaren nazioarteko egunean zabaldu zuen albistea udalak bere sare sozialetan.
Idiazabalgo Udaleko kultura batzordeak “Idiazabalgo historiaren parte diren” eta 1989tik gordeta dauden grabazioak digitalizatzeko eta kontserbatzeko asmoz Euskal kultura ondarea katalogatu, digitalizatu eta kontserbatzeko diru laguntzen deialdira aurkeztu zuen proiektua. Bada, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen zuzendaritzak eskaera onartu du. Ondorioz, 2024an zehar hasiko da “gordeta dauden dozenaka audioren” digitalizazio prozesua herriko ondarea gorde eta “guztiontzako eskuragarri” jartzeko.