327.000 euroko aurrekontua izango du Altzagako Udalak 2024an
Bi proiektu nagusi izango dituzte esku artean aurten: frontoiaren itxitura egitea eta udaletxeko eraikina berritzea. Udaletxeko eraikinean ostatua jartzeko parte-hartze prozesu bat egingo dute.
Altzagako Udalak 327.000 euroko aurrekontua izango du 2024. urtean. Abenduaren 21ean egindako bilkuran adostu eta onartu zuten proposamena Altzagaren Aldeko Taldeko zinegotziek. Frontoiaren itxitura hiru hilabete inguru barru bukatuta izatea aurreikusi dute, eta martxan dute udaletxea berritzeko prozesua.
Aurrekontuan aurreikusitako proiektu nagusia Artegain frontoian itxitura bat jartzea izango da. Kristalezkoa izango da. Lizitazioa atera zen eta adjudikazioa egin dute jada. “Hemendik bi edo hiru hilabetera eginda egongo dela pentsatzen dugu”, azaldu du Maite Garmendia alkateak. Topagune nagusia izan ohi da frontoia altzagarrentzat. “Herriko ekintzak egiten direnean frontoia erabiltzen da, eta Ordiziatik eta ingurutik ere jende asko etortzen da jokatzera. Neguan euri eta haizearekin irristakor geratzen da, horregatik jarriko dugu itxitura”.
Beste proiektu garrantzitsu bat udaletxearen eraikina berritzearena da. Arkitektoarekin lanketa egiten hasi dira, baina diru laguntzek baldintzatuko dute proiektua. Dena berrituko lukete barrutik, eta hiru lokal jarri, laguntzailearentzat, administrariarentzat eta alkatearentzat. “Igogailua jarri beharko litzateke, teilatua ere itxuraz jarri eta hezetasuna ez sartzeko isolamendua egin, baina hori guztia faseka egingo litzateke”.
Ostatua
Udaletxearen eraikinean, aldi berean, ostatua egitea daukate aurreikusita. Zer-nolako ostatua izango litzatekeen zehazteko, parte-hartze prozesu bat jarriko dute martxan herritarrekin, haiek ere haien iritzia eman eta ekarpenak egin ditzaten.
Kultura eta jaiak
Kultur ekintzetarako eta festetarako ere gorde dituzte partidak. Herriko San Migel jaiez gain, noizean behin herritarrak elkartzeko kultur jarduerak egitea aurreikusi dute. Hasteko, martxoan pelikula baten proiekzioa izango da Ertoetxe eraikinean, eta aurrez mokadutxoa banatuko dute. Apirilean, Benita Garmendia zenaren idatziekin osatutako liburua aurkeztuko dute.