Barrendaindik Foru eta Dolarearaino TAO eremu berria jartzea onartu du Beasaingo Udalak
Trenbide kalea, Oriamendi kalea, Foru kalea eta Zelaeta kalea ere sartuko dira TAO eremu berrian. Egoiliarrentzako aparkaleku kopurua handitzea ere ekarriko du Ordenantza berrituak. Martxoaren 15era arte egin daitezke alegazioak, bestela irailean indarrean sartuko da.
Trafikoaren eta Aparkalekuen Ordenantza (TAO) berrituak aldaketa garrantzitsuak ekarriko ditu Beasainen. Kontsulta epean aurkeztutako iradokizunak aplikatu eta gero, hasierako onespena eman dio udalbatzak osoko bilkuran. Udalaren esanetan, «mugikortasuna eta bizi kalitatea hobetzea» dute helburu egindako aldaketek.
Berrikuntza aipagarrienen artean, batetik, TAO sektore berri bat sortuko da, Barrendain plazatik Dolarea ingururaino, eta bestetik, egoiliarrentzako aparkaleku kopurua handituko da.
TAO sektore berriak azalera handituko du nabarmen. Ezkiagan (ZE) eta erdigunean (S1) dauden eremuen ondoren, Barrendain plazatik, Garmendia-Otaola ardatzetik Dolarea parkera arte gelditzen den eremua (S2) hartuko du. Dolarea kalea 12-13 eta Foru kalea 74 izango lituzke muga. Horrek, Trenbide kaleari, Oriamendi kaleari, Foru kaleari, eta Zelaeta kaleari eragingo lioke. Guztietan ezarriko da ordainpeko sistema.
Udalaren helburua da, ibilgailuaren erabilera murriztea sistema horren bidez; hau da, egoiliar baimena ez bihurtzea udalerri barneko desplazamenduak autoz egiteko tresna batean. Era berean, mugikortasun aktiboa bultzatu nahi dute, oinezko eta bizikleta bidezko desplazamenduen alde. Hala, egoiliarrek gune urdinean edo egoiliarren aparkaleku berezietan aparkatu ahal izango dute, beti ere, norbere sektorean. Egoera berezietarako baina, erdiguneko eta proposatzen den eremu berriko gune berde, urdin eta marroietan, 20 minutuz doan aparkatu ahal izango dute, txartela aterata, bai egoiliarrek, bai gainontzekoek.
Egoiliarrentzako aparkaleku gehiago Gipuzkoako plazan ipintzea zehazten du ordenantza berrituak. Udalak «zorrotz» aztertu du eremu horretako erabilera, ordu-tarteka, baita espazio hori erabiltzen duten erabiltzaileen ibilgailuen ehunekoa ere. Ondorioz, bertako bizilagunentzako aparkaleku kopurua 80 izatetik 120 izatera pasako dira, hau da, %50 handituko da. Eremu horren perimetro guztian dauden aparkalekuei eta Zaldizurretako atzeko aldean 9 eta19 zenbakien artean daudenei eragingo die.
Herri barruko trafikoa arintzeko helburua du antolamendu berriak. Ibilgailua Bernedoeneako, Gipuzkoa plazako edota Gernika pasealekuko aparkalekuetan aparkatzeko ohitura indartu nahi du Udalak. Izan ere, eremu horiek dira Beasaingo sarrera-irteeretatik eta herrigunera erraz iristeko gertuen daudenak. Hala, kanpotik iristen direnak bertara bideratzeko ahalegina da.
Bernedoneko aparkalekuan doako 318 plaza mantenduko dira; Gipuzkoa plazan gune berdean 145 plaza izango dira; eta Gernika pasealekuan, berriz, 26 plaza berde eta 90 urdin.
Onartu diren iradokizunen artean, larunbat goizetan, TAO zerbitzua 09:00etatik 13:00etara mantentzea onartu da.
20 minutu doan
Aparkalekuak kolore desberdinak izango dituzte eta horren araberako ezaugarri desberdinak izango dituzte: Gune marroia edo txandakatze altukoan; gune urdina edo txandakatze ertainekoa; gune berdea edo txandakatze baxukoa; gune gorria, Ezkiaga eremukoa; eta egoiliarren gunea berria.Hori bai, guztietan, lehenengo 20 minutuak doakoak izango dira.
Gogoratu, Ordenantza berritua edonork kontsulta dezakeela eta alegazioak martxoaren 15era arte egin ahal izango direla, IGunean presentzialki edo internet bidez Udalaren webguneko egoitza elektronikoaren bidez. Epea igarota, ordenantza berria irailean sartuko da indarrean.
APARKATZEKO EREMUEN EZAUGARRIAK:
- Gune marroia. Gehienez 120 minutu aparkatu ahalko da. Egoiliar txartelarekin ezingo da aparkatu. Gernika pasealekuko frontoi atzea, Barrendain plaza eta Anbulategia..
- Gune urdina. Gehienez 240 minutu aparkatu ahalko da. Goiz edo arratsaldeko ordutegi blokeak osatzeko aukera. Egoiliar txartelarekin aparkatu ahal izango da, betiere sektore berekoak badira. Erdigunean, S1 eta S2 sektoreetan kokatzen da..
- Gune berdea. Gehienez 450 minutu aparkatu ahalko da, egun osoa. Egoiliar txartelarekin ezingo da aparkatu. Landa-auzoetako herritarrak salbuespena izango dira. Gipuzkoa plaza eta Gernikako pasealekua.
- Gune gorria. Orain arte bezala. Ezkiaga auzoko egoiliarren ibilgailuak baino ezin dira aparkatu eta ordutegi berezia izango dute: astelehenetik ostiralera 23:00etatik 08:30era. Ezkiaga (ZE) sektorea.
- Egoiliarren gunea. S1 edo S2 sektoreetan txarteldun egoiliarrek soilik aparkatu ahal izango dute urte guztian zehar, 24 orduz. S1 sektoreko egoiliarrek ezingo dute S2 sektoreko egoiliarren plazetan aparkatu eta alderantziz.