Emakumezkoen eskuz binakako partidak Igarondon
Gizonezkoen Binakakoa bezala, emakumezkoen Master Laboral Kutxa txapelketa sartua da bere lehen faseko azken txanpan eta finalerdietan izango diren bikoteen izenak jakiteko oso argigarria izango da igande eguerdi honetan Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan jokatuko den jaialdia. Lehen bi multzoetako partidak jokatuta, hirugarrena osatzea falta da, baina A eta B taldeetako pilotariek ere gertutik jarraituko dituzte geratzen diren bi jardunaldiak, kontuan izan behar baita talde bakoitzeko lehen sailkatuez harago, talde guztietako bigarren onenek ere lortuko dutela finalerdietarako txartela. Eliteko partidaz gain, pilota mistoko gazte eta promesa mailako kanporaketa bana jokatuko da Goierriko bihotzean kokatutako pilotaleku dotorean eta hortaz, eskaintza paregabea izango da igande goiz eder batez gozatzeko.
Elite mailako partidan Garai-Oses eta Larrarte-Bergara arituko dira elkarren aurka eta bi bikoteek irabazteko premia larria izango dute aurrera egin nahi badute. Garai-Osesek 22-10 galdu zuten Etxegarai-Gaminderen aurka Usansolon eta puntuaz gain, emaitza on bat ere behar dute aurrera egiteko aukerak izate aldera. Larrarte-Bergararentzat, ordea, Idiazabalgoa izango da txapelketako euren lehen partida eta azken jardunaldira aukerekin heltzeko ere puntuak batzen hastea komeni.
Gainera; gazteen mailan arituko dira Arratibel-Agirrebeitia, Aristi era Etxazarretaren kontra eta promesen mailan Insausti-Betegi, Esnal-Lamadriden aurka. Lehendabiziko partida 12:00etan hasiko da Igarondo pilotalekuan. Emozioa puri-purian dagoela, emakumezkoen esku pilotaz gozatzeko aukera polita igande honetakoa Idiazabalen.