Euskal Herriko txapelketako finalerdietarako txartela lortu dezakete oiangutarrek
Hirugarren postuan dago Oiangu A taldea, bi jardunaldiren faltan. Igandean Bilbon jokatuko dute. Oiangu B taldekoak, aldiz, atzetik daude, puntu bakarrera.
Euskal Herriko txapelketa jokatzen ari diren Oiangu Pilota Elkarteko palarientzat asteburu ona izan zen aurrekoa, emaitza aldetik. Lau partidetatik hiru irabazi zituzten oiangutarrek. Oiangu A taldeak finalerdietarako sailkatzeko aukera gertu dauka.
Aurreko larunbatean Oiangu A taldeak Gasteizen jokatu zuen, eta bi partidak irabazi zituzten bi bikoteek. Irastorza-Etxeberria bikotea larruzko paletan 35-22 gailendu zen, eta Naldaiz-Garrido bikotea, pala motzean, 40-22ko emaitzaz. Bi jardunaldiren faltan, hirugarren postuan dago Oiangu A.
Oiangu B taldeak, aldiz, Gatikan jokatu zuen aurreko asteburuan. Luzuriaga-Elorza bikoteak 35-32 galdu zuen larruzko paletan, eta Otegi-Letamendia bikoteak 40-38 irabazi zuen pala motzeko modalitatean. Oiangu Ako taldekideek baino puntu bat gutxiago dute Oiangu Bkoek, finalerdietako postuetatik kanpo, baina aurrera egiteko aukera izango dute hurrengo bi jardunaldietan.
Asteburu honetako partidak bihar iluntzean hasiko dira. Ordiziako Beti Alai pilotalekuan, 20:00etan, Udaberri txapelketako azken partida jokatuko du Oiarbide-Samaniego bikoteak. Larunbatean eta igandean izango dira Euskal Herriko txapelketako partidak. Oiangu B taldekoek Beti Alai pilotalekuan jokatuko dute larunbatean, 18:30etik aurrera, Sopelako aurkari zuzenen aurka. Oiangu A taldekoek Bilbon jokatuko dute igande goizean, Bilboko Deportiboren aurka.