Inoizko zerga bilketa dirutsuenak markako UFFF ahalbidetu die udalei
Goierriko udalek 526.000 euro gehiago jasoko dituzte aldunditik, 2023ko UFFFaren likidazioak euren aldeko saldoa utzi baitu. Aurtengo finantzaketa 61 milioira igoko da.
Gipuzkoako datu makroekonomiko onek ogasunaren diru sarrerak igoarazi zituzten iaz, eta Goierriko udalen finantzaketan eragin positiboa izan du. EAEko eta herrialdeko finantza kontseiluek aste honetan itxi dituzte iazko zerga bilketa datuen zenbakiak, ekarpenen eta UFFF foru funtsaren likidazioak. Hala, Goierriko udalek, 2023an jasotakoaz gain, beste 526.693 ere badituzte; otsailaren 25ean jasoko dituzte aldundiarengandik, UFFFaren 2024ko lehen hiruhileko ordainketarekin batera.
Zerga bilketak inoizko diru iturri oparoena ekarri die foru ogasunei. Gipuzkoako Finantzen Kontseiluaren herenegungo bileran eman zieten udalerri 2023ko UFFFren likidazioaren zenbatekoaren berri. Bezperan, astelehenean, Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan onartu zituzten 2023ko zergetako diru bilketak: EAEn 18.212 milioi euro bildu dira itundutako zergetan, 2022an baino %6,31 gehiago; horietatik, Gipuzkoan 5.960 milioi euro (%6,47 gehiago).
2023ko UFFFaren likidazioa 614.941.000 eurokoa izan da guztira –Eudeli dagokion zatia barne–, aurrekontuan aurreikusitakoa (609.390.000) baino 5,6 milioi gehiago (%0,91ko hazkundea). 2022ko likidazioa baino 26,6 milioi gehiago utzi du (%4,54 gehiago).
Beste urtebetez, sabaia goratzen jarraitu du herrialdeko diru bilketak. Gipuzkoako Finantza Kontseiluaren txostenaren arabera, zerga bilketa %130 handitu da 2000. urteaz geroztik; urteroko hazkunde jarraituak bi alditan eten dira: 2008-2009 urteetan, krisi finantzario handiagatik; eta 2020an Covid pandemiagatik.
Zerga berriaren zati bat
Berritasun bat sartu zuen iazko zerga bilketan aldundiak: aldi baterako grabamenak ezarri zituen energia enpresentzat eta finantza entitateentzat. Bide horretatik 17,7 milioi jaso dira. Astearteko Diputatuen Kontseiluan, udalen artean 7,07 milioi banatzea erabaki zuten, zerga horren %39,96, udalek UFFFn duten partaidetza-kuotaren arabera.
Iturri horretatik, Goierriko 22 udalerriek guztira 672.022,05 euro jasoko dute.
2024ko UFFFren aurrekontua are gehiago handitu du aldundiak, finantza egoera positiboak segiko dutela aurreikusita. Guztira, 650.744.196 euro jasoko dute Gipuzkoako udalek.
Goierriko udalek, horietatik 61.669.756,64 euro izango dituzte aurten, lau alditan jasotzeko. 2023ko aurrekontukoa baino 3,85 milioi gehiago dira (%6,66ko hazkundea), eta 2023ko likidaziokoak baino 3,33 gehiago (%5,7 handiagoa).