Urretxuko Udalak tokiko zaintza ekosistema aurkeztu du
Urretxuko Udalak tokiko zaintza ekosistema aurkeztu du gaur arratsaldean udaletxean. Tokiko zaintza ekosistemaren helburua komunitate osoak zaintzaren diseinuan eta zaintzan parte hartzea da. Udalak eskuorri bat bidali du etxe guztietara horren berri emateko, baina aurkezpen publikoa egitea ere erabaki du, herri guztiarengana heltzeko eta guztien parte hartzea sustatzeko.
Ekitaldia Jon Luqui alkateak eta Maialen Fidalgo zinegotziak gidatu dute. Oihana Merino eta Almudena Carrillo teknikariek, Mari Carmen Juaristi erabiltzaileak, Miguel Angel Gomez Aspaceko erabiltzaileen ordezkariak, Eli Arteaga eguneko zentroko koordinatzaileak eta Adinkide fundazioko Josune Toquerok ere hitza hartu dute. Ikusleen artean gizarte arloko elkarte ezberdinetako kideak egon dira: Gurutze Gorria, Elikagaien Bankua, Aspace, Odol Emaileen Elkartea, Mairi, Aterpe…
Luquik 2018an hasi zirela lanean azaldu du. “Behar handiak zeudela ikusi genuen. Hori dela eta, Gizarte Zerbitzuak indartzea erabaki genuen. Duela 5 urte zaintza hitza ez zen egun bezainbeste entzuten. Orain arte egindako lanaren ondorioz, aurki Aspacek eguneko zentro berria izango du eta eraikin berean Aspaceko erabiltzaileentzat eta adinekoentzat apartamentuak egingo dira. Azken urteotan, Gizarte Zerbitzuetan biztanleko gehien gastatzen duen udala gara. Hori erabaki politiko bat da. Eta tokiko zaintza ekosistema zuekin eta zuentzat egingo da. Gobernu talde honek martxan jarriko duen proiektu garrantzitsuena da, alde handiarekin”.
Fidalgo, Gizarte Ekintzako koordinatzaileak, egitasmoaren ardatza bi hitz direla gehitu du: gizataldea eta zaintza. Zaintza sistema aldatzen ari gara. Denok jasotzen dugu zaintza bizitza osoan zehar. Denok gara zainduak eta zaintzaileak. Hala, denok gara tokiko zaintza ekosistema honen parte”.
Merinok, Aniztasun eta Bizikidetza teknikariak, udala 65 urtetik gorakoekin egiten ari den lanaren berri eman du. “Beraien garapenaren arduradun izatea nahi dugu, bai norbanako gisa eta bai talde gisa. Kohesio soziala eta diskriminazio eza lantzen ari gara, besteak beste”. Fidalgok tokiko zaintza ekosistemaren helburuetako batzuk herritarren bizi kalitatea hobetzea eta parte hartzea sustatzea direla esan zuen. Hori dela eta, herritarrei udaletxera gerturatzeko, parte hartzeko, eskatu die.
Arteagak erabiltzailea erdigunean jarri nahi dutela aipatu du. Lan estrategiaren erdigunean. “Ahalik eta bizi kalitate onena eta autonomia handiena izatea nahi dugu. Beraien senitartekoak ere oso garrantzitsuak dira, zaintzaile nagusiak baitira”.
Bakardadeari aurre egitea ere oso garrantzitsua da. “Adinekoei eta beraien beharrei buruzko azterketa bat egin genuenean, baliabideak zaharkituak gelditzen ari zirela konturatu ginen. Izan ere, ongizatea eta konpainia behar dute. Bakardadeari aurre egiteko helburuarekin, Adinkide fundazioarekin jarri ginen harremanetan”, azaldu du Fidalgok. Toquerok bakardadea prebenitzeko lan egiten dutela esan du. Zahartzen garenean bakardadea areagotu egiten da eta oso ondorio txarrak ditu. Giza sarea ehundu behar dugu bakardadeari aurre egiteko. Hala, adin ezberdinetako bizilagunak elkartzen dituzten ekintzak eta boluntarioen eta adinekoen arteko topaketak sustatzen ari gara”.
Fidalgok bakoitzari behar duena eskaintzen zaiola gehitu du. “2023an 175 bizilagunen errealitatea aztertu genuen. Horietatik 86ri plan pertsonalizatua egin genien. Batzuei etxez etxeko laguntza eskaintzen diegu, beste batzuei tablet bidezko telelaguntza…”. Mari Carmen Juaristi 89 urteko urretxuarrak, adibidez, tablet bidezko telelaguntza jasotzen du. “Tableta eskaini zidaten eta probatu egingo nuela esan nien. Oso baliagarria da. Munduan gertatzen dena ezagutzeko, denbora pasatzeko, konpainia izateko, laguntza jasotzeko… balio dit”.
Fidalgok, plan pertsonalizatua egin ondoren, planen jarraipena egiten dela gogoratu du. “524 kasu aztertu ditugu, 65 urtetik gorakoen heren bat. Etxez etxe joan gara. Horrek sistema hobetzeko balio digu”.
Gainera, osasun arloko langileekin koordinatuta lan egiten dute. “Ospitaleko eta osasun mental zentroko gizarte langileekin eta medikuekin lan egiten dugu. Laguntza behar dutenen berri ematen diogu elkarri”, aipatu du Carrillok.
Etorkizunera begira, Fidalgok egitasmo asko dituztela aipatu du. “Bizi itxaropena hazten ari da eta egokitu egin behar dugu: etxebizitzak egokitu, adinekoentzat etxeak egin (Pagoetakoak, adibidez), eguneko zentroa handitu… Horri dagokionez, egitasmo garrantzitsuena Pagoetako eraikina da. Inguru hartan haurrak eta adinekoak elkarrekin egongo dira”.
Pagoetara joango denetako bat Gomez da. “Aspaceren helburua aniztasun funtzionala dugunon bizitza hobetzea da. Eta gure bizitza komunitatean parte hartzen dugunean hobetzen da. Urretxuko Udalaren Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian parte hartzea, adibidez, oso garrantzitsua izan da guretzat. Inklusioa hobetu du. Udalak eta Aspacek elkarrekin lan egiten jarraitzea oso garrantzitsua da. Aniztasuna guztiok aberasten gaituen zerbait da”.
Luquik Aspaceren egoitza berriari esker Gomez Urretxura itzuli ahal izango dela gogoratu du. Izan ere, egun Arrasaten bizi da eta egunero Urretxuko eguneko zentrora etortzen da. “Tokiko zaintza ekosistema sare bat da. Elkar zaintzeko sistema. Beste herri batzuetan kezka bera zuten eta aldundiak erronkari aurre egitea erabaki zuen. Gipuzkoan 14 udalerri gara sistema hau dugunak. Behar gehien dituztenak detektatzen eta zerbitzua hobetzen lagunduko digu. Aurkezpen honetara etorri zareten guztiei zuen inguruan egitasmo honen berri emateko eskatu nahi dizuet. Zenbait jenderi kosta egiten zaio udaletxera etortzera. Horregatik, liburuxka banatzeaz gain, aurkezpena egitea erabaki dugu”.