Zeraingo Udalak milioi bat euro pasatxoko aurrekontua onartu du
Udalak jasoko dituen diru laguntzak funtsezkoak izango dira proiektuak egikaritzeko. Errementariren 2. faseari ekin nahi diote. Herri batzarra deitu dute igande honetarako.
Zeraingo Udalak 1.070.447,73 euroko aurrekontua izango du 2024an. Hala onartu zuen udalbatzak, pasa den otsailaren 5ean egindako ohiko osoko bilkuran. Zeraingo Udalak jasoko dituen diru laguntzak funtsezkoak izango dira, beste behin, aurreikusita dauden proiektuak egikaritzeko, «diru laguntzarik ezean, herri txiki hauetan ezinezkoa da proiektua gauzatzea», azpimarratu du Gorka Urteaga, Zeraingo alkateak.
Udaleko diru sarrerak, «ia bere osotasunean» gastu finkoak eta pertsonal gastuak ordaintzeko izaten dira. Ondasun arrunta eta zerbitzuetan 122.453 euro gastatuko dira; udal langileen soldatak ordaintzen 193.000euro (%3 egin du gora iaztik) eta transferentzia arruntetan, «Udalbiltza, Uema, Goieki edo Goimeni ordaindu beharrekoetan 50.000 euro», zehaztu du Urteagak.
Inbertsioen atalean, lau proiektu nagusi nabarmendu ditu alkateak. Errementari etxeko lanen 2. faseari ekitea aurreikusita dute, «egiturazko lanak izango dira orokorrean; eta horrekin batera, herriko anbulatorioa egiteko lanak». 343.000 euroko aurrekontua dute lanek.
Aizpeako meatze barrutian dagoen kable ingelesaren biltegia konponduko da (43.000 euro). Kable ingelesaren mantenurako beharrezko tresnak gordetzeko eraikina da, «gaur egun guztiz erorita dago eta berria egingo dugu».
Zeraingo aterpetxean igogailu bat ere jarriko dute. 78.000 euroko aurrekontua dute lanek. Besteak beste, Girotze barnetegia dago aterpetxean eta irisgarritasuna bermatzeko «beharrezko azpiegitura» da igogailua.
Diru laguntzen zain
Amaitzeko, frontoiko teilatuan eguzki plakak jartzeko beste 78.000 euro aurreikusi dituzte. Epe motz-ertainean herriko gastu finkoak murrizteko baliagarria izango da, «herriko argiteria publiko guztia eta udal eraikinetako argindarra hornituko da eguzki plaken bidez», esan du Urteagak.
Lau proiektu nagusienak hauek izanagatik ere, biodibertsitatearekin lotutako beste bat ere aipatu du Urteagak. Tokiko landaretza ugaritzeko ahaleginean Aizpea inguruko mendietan bi lursail erosiko ditu udalak (51.000 euro). «Egun dauden pinuak botako dira eta haien ordez, bertako landarea sartuko dugu», azaldu du alkateak. Aurrera eraman nahi diren proiektu guztietarako diru laguntzak eskatuta daude. Batzuk onartuta daude. Horien arabera hasiko dira proiektuak exekutatzen.
Herri batzarra deitu dute igande honetarako
Herritarrei udalean hartutako erabakien berri emateko eta ekarpenak jasotzeko helburuz, herri batzarra deitu dute igande honetarako; 11:00etan udaletxean. Onartu berri dituzte udal aurrekontuez gain, Zerain dezagun fundazioa, edo 2023an egindako ekintzen errepasoa egingo dute.
Batzarrean jasotakoarekin txosten bat osatuko du udalak eta zeraindar guztien etxeetara helaraziko da, geroago.