Agroekologia Sarean sartu da Ataungo Udala, kontzeptua eta sektorea herrian indarberritzeko
Elikagai osasungarriak herrian bertan ekoizteko eredu baterantz abiatzeko ahalegina egin nahi dute.
Agroekologiaren Aldeko Udalerrien Sarean sartzea erabaki du Ataungo Udalak, otsailaren 7ko osoko bilkuran aho batez onartuta. Elikadura-burujabetzarantz, agroekologia ardatz hartuta aurrera egitea helburu duen estatu mailako sarea da. Herritarrei elikagaiak prezio duinean –bai ekoizleentzat, bai erosleentzat– eskuragarri jarri, elikagai osasungarriak bermatu, eta ekonomia zirkularra mantendu nahi ditu. Guztiaren azken lorpena, herritarren osasunaren onura litzateke.
Euskal Herrian «erreferente» diren herri batzuk sarean daude, eta haien eredua jarraituko du Ataunek. «Puntu oso ezberdinetan eta tipologia oso ezberdina daukaten herriak eta hiriak daude, Herrialde Katalanetakoak asko», esan du Ataungo udal zinegotzi Ion Fontenlak. Bartzelona edo Valentziak hiriak, kasu. Ataunekin konpara litezkeenak, berriz, Urduña edo Baztan.
Oinarria, herrikoa bertakoa
Agroekologiaren bidean abiatzeko, Ataunen eta Goierrin «testuinguru konplikatua» dagoela aitortu du: «Baserriak husten, asko erortzen, abeltzain batzuk badaude, baina nekazaririk ia ez… egoera kezkagarria da».
Azken helmuga ataundarren elikaduraren oinarria Ataunen ateratzea eta bertan eskuratzea lortzea litzateke, lurrarekin eta naturaren erritmoarekin lotutako ekoizpen txikiekin. «Lehen egiten zen, eta orain ere posible dela uste dugu».
Egungo egoera aztertzeko, herriko ekoizleekin elkartuko dira.