Arri Iraeta zumarragarrak Kuxkuxtu txarangari buruzko dokumentala egin du
Musikari militantez osatutako talde hau duela 40 urte baino gehiago sortu zen. Dokumentala hilaren 23an aurkeztuko da, Pausuko Xaia ostatuan.
Arri Iraeta Irigarai zumarragarrak Iparraldeko Kuxkuxtu txarangari buruzko dokumentala egin du. Mondragon Unibertsitateko Ikus-Entzunezko Komunikazioko gradu amaierako lana du eta Iparra-Hegoa elkarteak proposatuta egin du.
Kuxkuxtu txaranga duela 40 urte baino gehiago sortu zen, Ipar Euskal Herrian. Kantuaren indarra eta publikoarekin gertutasuna dira beraien ezaugarri nagusiak, militantziarekin batera. Kuxkuxtu Segurako Iparra-Hegoa jardunaldiaren iturburua da.
Iraeta ere musikaria eta militantea da (Esanezin taldean bateria jotzen du) eta, beraz, ez zuen inongo zalantzarik izan Kuxkuxturi buruzko dokumentala egitea eskaini ziotenean. “Kantuari, kanta herrikoiei, garrantzi handia ematen dioten musikari militanteak dira. Iparraldeko txarangak Bentazarreko Mutiko Alaiak taldearen modukoak dira. Baina Kuxkuxtuk partaide asko ditu. 60 bat. Hiruzpalau emanaldi guztietara joaten dira eta gainontzekoak batzuetan. Beñat Elizondo koordinatzaileak deitzen die”.
Martxoan guztiak sagardotegi batean elkartzen dira eta Iraetak topaketa horretan ezagutu zituen. “Egun horretan izan nuen lehen hartu-emana beraiekin. Sekulakoa izan zen. Sekulako indarra eta freskotasuna dute. Guk musika arautua ikasi dugu eta Kuxkuxtukoak guztiz kontrakoak dira. Baina horrek ez du esan nahi musikari onak ez direnik. Guztiz kontrakoa: oso musikari onak dira. Inprobisatzeko ahalmena ere badute”.
Dokumentalaren helburuetako bat Kuxkuxtu Hegoaldean ere ezagutzera ematea da. “Iparraldean oso ezagunak dira eta oso gertu sentitzen dituzte, baina Hegoaldean ez dira horren ezagunak. Asko baloratzen ditudan balioak dituzte. Musika modu militantean bizi dute”.
Dokumentala egiteko, hainbat kontzertutan egon zen eta Odei Barroso, Idoia Lopetegi eta Josu Txapartegiren testigantzak jaso zituen.
Dokumentala hilaren 23an aurkeztuko dute Pausuko (Urruña, Lapurdi) Xaia ostatuan. Emanaldia 19:00etan izango da. Sarrerak 5 euro balio du. Sarrerak eskuratzeko, 33 679 568 789 telefono zenbakira deitu behar da.