Isuna jaso du 2022ko urriaren 12an militarrez mozorrotu zen lazkaotar batek
Espainiaren Egunaren ospakizuna salatzeko, Sortuk antolatutako kontzentrazioan mozorrotuta parodia egin zuten herritar batzuek. "Guardia zibilaren erreplika izatea" leporatuta, 1.402 euroko zigorra jaso du haietako batek.
Lazkaoko Sortuk 2022ko urriaren 12an, Espainiaren Eguna deitoratzeko herriko plazan egin zuen kontzentrazioko partaide batek 1.402 euro ordaintzeko isun ekonomikoa jaso du. Hiru lagun identifikatu zituen orduan Ertzaintzak, eta horietako bati iritsi zaio orain zigorra. Guardia zibilez mozorrotuta egon zen parodian, eta “guardia zibilaren erreplika izatea” eta mozorroaren osagarri gisa erabili zuen plastikozko arma ere erreplika izatea leporatu diote.
Sortuk gaur sare sozialetan salatu duenez, “erridikuluak” dira argudio horiek, eta ezker abertzalearen kontra jotzeko aitzakiatzat “edozer” erabiltzen dela gaitzetsi du: “Garbi geratzen da, beste behin, edozein argumentu nahikoa dela ezkerreko independentiston jardunaren jazarpena martxan jartzeko”, azaldu du Lazkaoko Sortuk.
Urriaren 12ko agerraldian bezala, orain ere “indar errepresiboen Euskal Herritik egitea” aldarrikatu dute, “egun horretan ez baitugu ezer ospatzeko”. “Erresuma espainiarraren kolonialismo supremazista salatzen dugu, eta haren beso errepresiogilearen eguna ospatzeari uko diogu”, gehitu du. Urriaren 12an, Guardia Zibilaren eguna ere bai baita.
Isuna “kopuru garrantzitsua” dela eta, 1.402 euroak ordaintzeko diru biltze kanpaina abiarazi dute. Tabernetan itsulapikoak jarriko dituzte, laguntza-bonuak salduko dituzte, eta martxoaren 1ean herri afari ere antolatuko dute.