Lazkaoko osasun zentroa handituko du Osakidetzak, bi solairuko eraikina altxata
Gaur egungo anbulatorioa bota, eta haren tokian berria eraiki dute. Guztira, 1.700 metro koadroko instalazioak egingo dituzte. Proiektu-idazketa aurten egingo dute, eta obrak 2025. urtearen erdialdera hasi.
Osakidetzak osasun zentro berria eraikiko du Lazkaon. Otsailaren lehenean jakinarazi zien Osakidetzaren Ekonomia eta Finantza zuzendari Nestor Aranak Lazkaoko Udalari eta Goierriko ESI Erakunde Sanitario Integratuko ordezkariei, Lazkaon instalazioak ikusi ondoren. Gaur egungo anbulatorioa bota, eta toki berean eta aldamenean eraikiko dute berria.
2024an proiektuaren idazketa eta lizitazioa gauzatzea, eta obrak 2025. urtearen erdialdean hastea da asmoa.
Bi fase izango dituzte lanek. Lehenbizi, oraingo anbulatorioa eraitsi, eta leku berean bi solairuko eraikin berria altxatuko dute, denera 800 metro koadroko instalazioak sortzeko. Eraikitzen duten bitartean, lehen arretako mediku eta erizaintza zerbitzuak «hurbileko leku batean» emango ditu Osakidetzak.
Bigarren eraikina ondoan
Bigarren zatian, berriz, anbulatorio berriaren aldamenean, jarraian beste eraikin bat eraikitzea da Osakidetzaren asmoa. Gauzatutakoan, guztira 1.700 metro koadro inguruko osasun zentroa izango luke Lazkaok.
Gaur egun dagoen espazio faltak bultzatu du Osakidetza proiektuari ekitera. Covid-aren pandemia garaitik, osasun zentroaren aurrean aurrefabrikatutako etxola batzuetan ari dira zenbait zerbitzu ematen; pediatria, esate baterako.
Proiektua zehazten denean jakingo dira inbertsioaren aurrekontua eta eraikitze epeak. Oraingoz, lehen faseko lanek (bi solairuko lehen erdia egitea) 18 hilabeteko iraupena edukiko dutela aurreratu du udalak.
Gaur egungo osasun zentroa 2000. urtean bukatu zuten. Aurrez, Areso kaleko lokal batzuetan egon zen, eta lehenago orain kultur etxea den eraikinean, udaletxearen aldamenean.