Josu Aztiria zumarragarra, seigarren EH Bilduren Eusko Legebiltzarrerako zerrendan
Josu Aztiria zumarragarra seigarren postuan joango da EH Bilduren Eusko Legebiltzarrerako Gipuzkoako zerrendan. EH Bilduk bederatzi legebiltzarkide lortu zituen Gipuzkoan aurreko hauteskundeetan eta inkesten arabera aurten legebiltzarkide gehiago lortuko ditu. Beraz, Aztiria legebiltzarkide izango da ziurrenik.
EH Bilduk “esperientzia eta solbentzia egiaztatua duten profilez gain”, profil berriak eranstea erabaki du, “euskal gizarteak aurrean dituen garaiko erronka izugarriei erantzuteko”. Hori da Aztiria hautatu izanaren arrazoietako bat. “Digitalizazioa, klima aldaketa, osasuna, etxebizitza, krisi demografikoa, hezkuntza edo industria bezalako esparruek profil profesional berriak behar dituzte, bai eta euskal herritarrek behar dituzten konponbideak bilatzen dituzten ezagutzak ere. Ildo horretan, bere ibilbide profesionalean lortutako ezagutza eta esperientziari esker aurrean ditugun erronka handi horiei erantzunak bilatzeko ikuspegia zabaldu dezaketen pertsonen aldeko apustua egiten du EH Bilduk, eta horien artean dago Josu Aztiria. Izatez Giza Zientzietako eta Enpresako lizentziaduna da, eta Enpresetako Lidergo eta Zuzendaritza Aurreratuko masterra du. Elhuyar Fundazioan lan egiten du, eta hizkuntza eta adimen artifizialaren esparruaz arduratzen da. Orain NLP (Lengoaia naturalaren prozesamenduko) goi mailako ikerketan eta soluzio teknologiko adimendunetan espezializatuko langunearen koordinatzailea da. Bere lana medio, harreman zuzena izan du Kultura eta Hizkuntza Politika saileko ordezkariekin. 2015etik, Zumarragako Udaleko zinegotzia da, eta 2019an EH Bilduren alkategaia izan zen. Eusko Legebiltzarretik bere esperientzia eta ezagutza jar dezake herri honen zerbitzura, egiten diren politika publikoak hobetzeko”.