220 haritz landatu dituzte Itsasondoko Zuhaitz Egunean
28 lagunek hartu dute parte gaur goizeko landaketan. Urkia inguruko lursailean landatu dituzte haritzak. Amaitzeko, hamaiketakoa egin dute plazan.
Zuhaitz Eguna egin dute gaur goizean Itsasondon. Azken urteetako ohiturari jarraituz, bertako espezieak landatu dituzte herriko mendi lurretan. Aurten, Urkia baselizaren inguruko eremu batean egin dute landaketa. Guztira, 220 haritz landare eraman dituzte bertan landatzeko. 28 bat pertsona batu dira landaketara, familiak haurrekin denak. Eguraldi onak lagunduta giro ederrean burutu dute landaketa.
Goizeko 10:00etan plazan elkartu eta kotxez egin dute Urkia baselizara arteko bide malkartsua itsasondoarrek. Handik, 200 metro oinez behera hartuta, hasi dute landaketa. Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkateak azaldu duenez, Itsasondoko Udalak 9 hektareako lursail bat erosi du inguru horretan, eta bertan “5.000 haritz” landatuko dituzte epe motzean. Gaurkoak izan dira lehendabizikoak.
Landaketa lanak amaituta, herriko plazan hamaiketakoa eginez eman diote amaiera Zuhaitz Egunari.